Gizartea -
Bizkaia
Saharako 143 umek Loiuko kiroldegian egin behar izan dute lo
Ezin izan zuten itzulerako hegaldia hartu, euskal familiekin uda igaro ostean. Hori dela eta, kanpalekua egin behar izan zuten bat-batean.
I.G. | EITB.EUS
Euskal familiekin uda igarotzera etorritako 143 ume sahararrek Loiuko kiroldegian igaro behar izan dute gaua, Bizkaiko Gurutze Gorriak bat-batean prestatutako kanpaleku batean, bart hegaldirik gabe geratu ondoren.
Bizkaiko Gurutze Gorriak eitb.eus-i azaldu dionez, operatiboa gauerdi inguruan aktibatu zuten, urtero legez uda igarotzera Euskadira etorritako umeak itzulerako hegaldia hartu ezinik geratu ostean.
Hala, Bilboko Aireportua 01:00ean ixten dutela kontuan hartuta, protokoloa maratxan jarri zen eta Gurutze Gorriak, Loiuko Udalarekin eta Saharako umeen harrera kudeatzen duen elkartearekin koordinatuta, Larrialdietako Berehalako Erantzun Taldea bidali zuen, behin-behineko aterpetxe bat atontzeko, eta 200 ohe prestatu zituen.
10:00ak aldera, Bilboko Aireportura eraman dituzte berriz. Etxerako hegaldia 13:00etan hartu dute.
24 boluntariok, bi anbulantziak, behin-behineko aterpetxeak atontzen aditua den Gurutze Gorriko talde bereziko hiru autok, lur-orotako beste hiru ibilgailuk, bi talde logistikok eta kamoi batek osatu dute bart ume horiei laguntzeko prestatutako taldea.