Gizartea -
IRUÑEAN
Sexu-edukia zuen lankide baten bideoa jaisteagatik, 2 urteko kartzela
Lankidearen posta elektronikora sartu zen, baimenik gabe, eta eduki sexuala zuen bideo bat jaitsi zuen bertatik. Iruñeko enpresa batean gertatu zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Zigor Auzitegiak bi urteko espetxe-zigorra ezarri dio gizonezko bati, lankide baten posta elektronikoan baimenik gabe sartu eta bertan gordeta zegoen bideo bat jaisteagatik: emakumeak bere bikotekideari bidalitako bideoa zen, eta eduki sexuala zuen. Sekreturako eskubidea urratzea egotzi diote akusatuari.
Ebazpenean jasotzen denez, 2013ko maiatzaren 29an gertatu zen delitua, Iruñeko Bonopark enpresako bulegoetan. Telekomunikazio ingeniari lanak egiten zituen bertan auzipetuak, eta arratsalde horretan, bere lankideak, goizeko txandan, erabiltzen zuen ordenagailuan sartu, eta sei aldiz zabaldu zuen haren posta elektronikoa, baimenik gabe.
Bidalitako mezuen zerrendatik, emakumeak bere bikotekideari igorritako bideo bat jaitsi zuen akusatuak. Horren berri izan orduko, emakumeak antsietate krisia izan zuen.
1.752,30 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio auzipetuak emakumeari.