Gizartea -

Misio europarra martera

Ez dakite Schiaparelli modulua Marten onik lurreratu ahal izan den

Europako Espazio Agentziak (EEA) denbora gehiago behar du datuak aztertzeko, baina ez du baztertzen behar bezala galgatu ezin izatea.

Schiaparelli moduluaren maketa. Argazkia: EFE
Schiaparelli moduluaren maketa. Argazkia: EFE
Schiaparelli moduluaren maketa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Espazio Agentziak (EEA) ezin dezake oraindik baieztatu zer egoeratan dagoen ExoMars espazio-ontziko Schiaparelli modulua, Marten lur hartu behar zuenean aurreikusi ez bezala aritu ostean; horrenbestez, denbora gehiago behar du datuak aztertzeko, baina ez du baztertzen behar bezala galgatu ezin izatea.

Moduluak atzo lur hartu behar zuen planeta gorrian, baina Marteko atmosferan barrena egin behar zuen sei minutuko jaitsiera amaitzear zegoela komunikazioa galdu zen, eta ezin izan dute orain arte berreskuratu.

Schiaparelli Marteko atmosferaren goiko partean sartu zen, jausgailua ireki zuen bere abiadura galgatzeko, aurrealdeko ezkututik bereizi zen, baina ez zen jausgailutik askatu espero zen eran. Hala adierazi du Andrea Accomazzok, EEAko arduradunetako batek.

Hala ere, sinetsita dago zehatz-mehatz jakin ahal izango dela zer gertatu den eta hura azaltzeko gai izango direla.

Seinalea galdu arte Schiaparellik igorri zituen datu guztiak ditu EEAk, eta datu horiek atmosfera zientifikoki aztertzeko erabili ahal izango dira.

Aurreikusita zegoen lurreratze-sekuentziaren arabera, Schiaparelli 14:42an (GMT) sartu behar zen Marteko atmosferan eta sei minutuz jaitsi behar zen.

EEAren esanetan, ondo sartu zen atmosferaren goiko partean.

Jaisten hasi eta hiru minuturen ondoren, jausgailua ireki zen, Schiaparelliren abiadura 1.650 kilometro orduraino jaitsi eta modulua Marteko zaletik 11 kilometrora zegoela.

Lau minutu pasa ostean, azaletik 1,3 kilometrora eta 240 kilometro orduko abiaduran, jausgailua askatu behar zen, baina hori ez zen gertatu aurreikusita zuten legez, eta ez dakite zer egin zuen.

Une horretan moduluaren jaitsiera 10 kilometro ordura galgatu behar zuten motorrak piztu behar ziren, baina hiru edo lau segundoz besterik ez ziren egon martxan; hortaz, baliteke abiadura ez moteldu izana Marteko azalean lurreratzeko adina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia berriak Planetak Marte azken ordukoa