Gizartea -
Aluche auzoan
Madrilgo atxikitze-zentroko bi lagunek ihes egin dute
Iheslarietako bat Madrilgo Atotxa geltokian agertu da eta Poliziak atxikitze-zentrora eraman du. Bigarren lagunak ihes eginda jarraitzen du.
agentziak | erredakzioa
Atzo arratsaldean Madrilgo Aluche auzoko atxikitze-zentrotik ihes egin zuten bi lagunetako bat Atotxako tren geltokian agertu da goizaldean, eta Poliziak zentrora eraman du, Polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Ostiral goizaldeko ordubiak aldera, aldiriko tren zerbitzuko segurtasun langile batek Poliziari deitu dio gizon bat treneko bagoietan barrena nora ezean zebilela ohartaraziz. Tokira bertaratu diren poliziek gizonezko bat aurkitu dute eta atxikitze-zentrotik ihes egin duenetako bat dela egiaztatu dute. Ondoren, atxikitze-zentrora eraman dute.
Bigarren lagunak, ostera, ihes eginda jarraitzen du.
Poliziatik zabaldu dutenez, iheslariak Aljeriakoak dira eta gaur, ostirala, deportatzekoak ziren. Ihesa 20:00etan gertatu zen, atzo, zentroko atzerritarren aisialdian.
Polizia Nazionaleko agenteek, horrezkero, bien bilaketa abiarazi zuten. Herenegun, PPko, PSOEko, Unidos Podemoseko eta Ciudadanoseko 26 diputatuk bisita egin zuten, urriko 18an izandako protestaldiaren ostean.
Manuela Carmena Madrilgo alkateak, era berean, bisita egin zuen Alucheko zentroan eta esan zuen erakundea ez dagoela egokituta, eta ixtea eskatu zuen.
Urriaren 18an, Alucheko zentroko 39 kidek protestaldia egin zuten eraikinaren teilatuan, aske uztea eskatuz. 11 ordu geroago, baina, protesta egiteari utzi zioten, istilurik eragin gabe.
Hainbat ihesaldi izan dira Alucheko zentroan, horietako azkena abuztuan. Orduan, 17 pertsonak ihes egin zuten espetxe moduko zentro horretatik.
Atzerritartasun Legea onartu eta gero sortu zituzten atxikitze zentroak. Horietan, etorkinak sartzen dituzte, Espainian agirik gabe harrapatzen dituztenean edo delituren bat egiten dutenean, herrialdetik kanporatzeko prozesua bukatu bitartean.
Arartekoak 2014an zabaldutako datuen arabera, 7.340 pertsona sartu zituzten zentroetan eta horien % 47,54 ez zituzten Espainiatik kanporatu, pertsonaren jatorrizko herrialdea identifikatu ez zutelako, Espainiak herrialdearekin aberriratze ituna ez zuelako edo neurria legez kanpokoa zelako.