Gizartea -
Kontsumoa
Gas eta argindar saltzaile batzuen iruzurra salatu du Kontsumobidek
Kontsumoko Euskal Institutuak salmenta "oldarkor eta engainagarria" egiten duten komertzial batzuen bisita izan duten herritarren kexuak eta salaketak jaso ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak jakinarazi duenez, kexuak eta salaketak jaso ditu gas eta argindar saltzaile batzuek estrategia "oldarkor eta engainagarriak" erabiltzen dituztelako salmentak egiteko.
Institutuak ohar batean azaldu duenez, enpresa batzuetako saltzaileek gas eta argindar faktura merkatuko dutela agintzen dute, "baina ezkutatzen duten benetako asmoa kontratu bat sinatzea da, beste konpainia batera aldatzeko, eta, gainera, ez du bermatzen ordainagiriko murrizketa bat hilaren amaieran".
Kontsumobideren esanetan, herritarrak kontratatutako enpresaren langileak direla esan ohi dute saltzaileek, benetan hala ez bada ere. Halakoetan faktura bat eskatu ohi dute, tarifa mota begiratzeko aitzakiarekin edo "datuak beste sail baten esku daudela eta ezagutzen ez dituztela" argudiatuta.
Iruzurra egiteko beste teknika batzuk ere erabiltzen dituzte, Kontsumobidek jasotako salaketen arabera. Azken argindar enkantean esleipena eskuratu duen enpresa bakarreko langileak direla ere esan izan dute, eta "presioa egiten dute enpresa horretara aldatzeko, prezio hoberenez gozatzeko", eta "kasu batzuetan iradokitzen dute hori egin ezean hornidura eten litekeela".
EVE Energiaren Euskal Erakundekoak edo KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulego batekoak direla esaten dute, "enpresa jakin batekin kontratatzera gonbidatzen dute", haien iritzi kualifikatuaren arabera, "eskaintza komertzial askoz lehiakorragoa" baitu.
Aholkuak
Salaketa hauen aurrean, Kontsumobidek "erne" ibiltzeko eskatu die herritarrei, eta hainbat gomendio eman ditu:
- Saltzaileak egoki identifikatu behar dira.
- Ez erakutsi fakturarik edota datu pertsonalak edo informazio pribatua duen dokumenturik. "Ez utzi fakturei edo zure nortasun agiriari argazkiak ateratzen".
- Energiaren Euskal Erakundeak eta beste erakunde ofizialek ez dute inongo enpresarekin harremanik, eta ez dute inoiz baten edo beste baten alde egiten.
- Konpainia aldatu nahi izanez gero, egizu azterketa kritiko bat, tarifa edo kontratuaren iraupena begiratuta.
- Jardunbide "irregularrik" antzematekotan, salatu Kontsumobiden edo KIUBetan.
- Kontratu berri bat eginez gero, kopia eskatu. 14 eguneko epea duzu, nahi izanez gero, bertan behera uzteko.