Gizartea -
Ertzaintzaren datuak
Indarkeria matxistaren 4.352 biktimak Ertzaintzaren babesa dute EAEn
Hala ere, iaz baino 151 pertsona gutxiago dira Ertzaintzaren era bateko edo besteko babesa jasotzen dutenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Genero indarkeriaren 4.352 biktimak Ertzaintzaren era bateko edo besteko babesa dute Euskal Autonomia Erkidegoan; iaz baino 151 gutxiago dira, hala ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur emandako datuen arabera, 50 emakumek bizkartzaina dute: 4k Araban, 28k Bizkaian eta 18k Gipuzkoan.
Gainera, 18 emakumek eskumuturreko elektronikoa dute, eta "Bortxa" telefonoa 891 emakumeri utzi zaie: 185 Araban, 395 Bizkaian eta 317 Gipuzkoan.
Lurraldez lurralde, 2.134 emakumek jaso dute babesa Bizkaian, 774k Araban, eta 1.444k Gipuzkoan. Hiru lurraldeetan kopuruak behera egin du aurreko urteko datuekin alderatuta; izan ere, iaz 696 ziren Araban, 2.258 Bizkaian eta 1.549 Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, kasu jakin batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumutur elektronikoa jarri diote urruntze-agindua betetzen duela ziurtatzeko. Gaur egun, horrelako 18 eskumuturreko daude aktibatuta: 16 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan.
Ertzaintzak 2006an jarri zituen abian indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokoloak, eta prozedura hori hainbatetan berraztertu eta hobetu da; 2013an, azkenengoz.
Ordutik aurrera, biktimaren arrisku-maila edozein dela ere, eta kasua auzitegietan ebatzi arren, Ertzaintzak babes aktiboa emango dio biktimari.
Bestalde, Ertzaintzak elkarlanerako protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta beste polizia-kidego batzuekin etengabe dihardu elkarlanean, informazioa trukatzeko.