Gizartea -
Botika generikoak
Bengoa: 'Neurriak beharrezko oinarri legal guztia du'
Medikuek markako botiken ordez generikoak agintzeko erabakiaren nondik-norakoak azaldu ditu Osasun sailburuak. Neurri horrekin gastua murriztu nahi du Sailak.
Erredakzioa
Medikuek markako botiken ordez generikoak agintzeko erabakiaren nondik-norakoak azaldu ditu Rafael Bengoa Osasun sailburuak. Neurri horrekin gastua murriztu nahi du Sailak. Neurriak "beharrezko oinarri legal guztia" duela errepikatu du Bengoak.
Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du gaur Bengoak.
Hilabete honetatik aurrera, Osakidetzako medikuek gaixotasun kronikoak tratatzeko lau botika generiko agindu behar dituzte, baina markakoak errezeta ditzakete beharrezkoa dela erabakitzen baldin badute. Hala ere, erabaki hori justifikatzeko txosten bat idatzi beharko dute.
Lau botikak hauek dira: Atorvastina, kolesterola kontrolatzeko; Clopidogrel antikoagulatzailea; Risedronato Semanal, osteoporosiaren kontrakoa, eta Losartan-Hidroclorotiazida, hipertentsioari aurre egiteko.
Ekintza honen bidez aurten 6 milioi euro aurreztea espero dute, Bengoak azaldu duenez.
Kritikak
Farmaindustria Farmazia-industriako Enpresarien Elkarte Nazionalak neurria kritikatu eta Osasun Sailaren kontrako ekintza legalak hasiko dituela iragarri du, generikoak sustatu eta botika originalak "eskuratzea eragozteagatik".
Zentzu horretan, Farmaindustriarekin tentsioak behera egitea espero du sailburuak eta "adostasuna" bilatzeko "tonua jaistea" eskatu dio elkarteari.