Gizartea -
2016-an izandako kaleratzeak
Eusko Jaurlaritzak 45 familia bota ditu alokairuzko etxebizitzetatik
Hala adierazi du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak 2016an izandako kaleratzeei buruz EH Bilduk Legebiltzarrean egindako galderari erantzunez.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 45 familia bota zituen alokairuzko etxeetatik 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean. Etxe horietako 32 Jaurlaritzarenak dira eta gainerakoak, Bizigune programaren bidez alokatutakoak.
Hala jakinarazi du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Eusko Jaurlaritzak 2016ko urtarrila eta azaroa bitartean zenbat kaleratze gauzatu zituen argitzeko eskatu zuen EH Bilduk Legebiltzarrean.
Arriolak emandako datuen arabera, Jaurlaritzak alokairuzko 11.994 etxebizitza kudeatzen ditu. “Kaleratzeak azken aukera dira, laguntzak sozialak eta alternatibak bilatzeko bideak amaitzen direnean soilik egiten dira”, esan du.
Aipatu epealdian Jaurlaritzaren jabetzako 39 etxetan eta Alokabide sozietate publikoaren menpeko 47 etxetan izan ziren kaleratzeak.
Alokabidek 18 etxegabetze gauzatu zituen Gasteizen eta bana Donostian, Mutrikun eta Beasainen. 19 kasutan alokairua aldiro-aldiro ez ordaintzeagatik kaleratu zituzten.
Jaurlaritzaren menpeko etxebizitzetan 11 kaleratze izan ziren: Bilbon lau eta bana Gasteizen, Donostian, Barakaldon, Eibarren, Elorrion, Irunen eta Muskizen. Hamar kasutan alokairua sistematikoki ordaindu ez izangatik egin ziren etxegabetzeak; beste kasu batean, berriz, auzokideekin izandako arazoengatik kaleratu zuten.
Biziguneren programaren bidez alokatutako etxeetatik 13 familia bota zituzten. Bina etxegabetze Bilbon eta Beasainen egin zituzten eta bana Gasteizen, Zornotzan, Arrasaten, Bergaran, Bermeon, Durangon, Eibarren, Elorrion eta Urduñan.