Gizartea -
Epaia
7 urteko zigorra Iruñean, urritasuna duen emakume bat bortxatzeagatik
Nafarroako Auzitegiak aho batez hartu du erabakia. Dena den, epaia ez da irmoa eta aldeek Auzitegi Gorenean helegitea aurkez dezakete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Probintzia Auzitegiak 7 urteko kartzela zigorra ezarri dio Iruñeko gizonezko bati, lan egiten zuen zahar-etxean zegoen adimen urritasuna duen 63 urteko emakume bati sexu-erasoa egiteagatik. Gainera, 12.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.
Auzitegiko Bigarren Sekzioko epaitegiak aho batez hartu du erabakia eta frogatutzat eman du gizonak sexu-erasoa egin ziola emakumeari 2015eko abenduan. Sexu-erasoa egin zion egun hartan, gizona mozkorturik joan zen lanera Iruñeko zahar-etxera.
Gizonak % 90eko elbarritasuna duen egoiliarrari heldu eta sexu-erasoa egin zion, eta egindako zauriak ixteko hainbat puntu eman behar izan zizkioten emakumeari.
Epaiak ukatu egin dio izan zezakeen erantzukizun zibil subsidiarioa zahar-etxeari.
Dena den, epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.
_________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.