Gizartea -

Ikerketa

Epaileak esplotazio sexuala leporatu die Nadiaren gurasoei

Halaber, kautelazko neurriak indarrean mantentzea erabaki du. Nadiaren aita espetxean jarraituko du eta amari behin-behineko askatasuna eman dio.

Margarita Garau, epaitegitik irteten. Argazkia: EFE
Margarita Garau, epaitegitik irteten. Argazkia: EFE
Margarita Garau, epaitegitik irteten. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nadia Nerearentzat sendabideak aurkitzeko asmoz bildutako dohaintzetan ustez iruzur egitea ikertzen dabilen epaileak delitu berriak leporatu dizkie Nadiaren gurasoei (Fernando Blanco eta Margarita Garau). Esquadra Mossoek atzeman dituzten argazki sexualak aztertu ostean, esplotazio sexualarekin lotutako delituak leporatu dizkie, zehazki, exhibizionismoa eta probokazio sexualarekin lotutakoak.

Kasua ikertzen ari den La Seu d'Urgelleko (Lleida) epaileak kautelazko neurri guztiak indarrean mantentzea erabaki du ostiral honetan. Hala, Fernando Blanco espetxean jarraituko du, eta Margarita Garauri behin-behineko askatasuna eman dio. Nadia Nerearen amak soilik asteburuetan izango du bere alaba bisitatzeko aukera. 11 urteko neskatoaren izekoak du zaintzaren ardura.

Epaileak bitan banatu du ikerketa. Alde batetik, dohaintzekin egindako ustezko iruzurra ikertuko du, eta bestetik, neskatoaren argazki sexualak. Esquadra Mossoek Nadia Nerearen argazki sexualak aurkitu dituzte Fernando Blancoren ordenagailu pertsonalean, baita hamahiru Pen drive, zazpi memoria-txartel eta hiru disko gogorretan ere.

Alberto Martin abokatuaren arabera, akusatuek ziurtatu dute inoiz ez dutela Nadiaren aurkako egintzarik egin, eta sexu-harremanak izan dituztenean alaba ez dela inoiz aurrean egon esan diote epaileari.

Hala, Esquadra Mossoek atzeman dituen argazki horiek guztiz pertsonalak direla eta familiaren testuinguruan ulertu behar direla esan du Martin abokatuak. Gainera, Nadia Nerea biluzik agertzen den argazkien kasuan, bere gaixotasunari buruzko jarraipena egiteko asmoz egin zituztela ziurtatu du.

Ildo horretatik, Nadia Nerearen gurasoak defendatzen jarraituko duela esan du Alberto Martin abokatuak, baina defentsaren estrategia hobetzeko bien defentsak banatzea aztertzen ari direla azaldu du (aitaren argudioek amaren defentsari kalterik ez egiteko eta alabarekin lehenbailehen bildu ahal izateko).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Delituak albisteak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Nerabezaroa albisteak Amak albisteak