Gizartea -
Indarkeria Matxista
Blanca Marques ito egin zutela argitu du autopsiak
Burlatan hildako emakumearen gorpua ostegun arratsaldean aurkitu zuten, Arga ibaian, Iruñeko Vergel zubiaren parean.
Agentziak | Erredakzioa
Blanca Marques ito zutela argitu du ostiral honetan autopsiak, Burlatan hildako emakumearen bikotekideak Poliziari esan bezala. Blanca Marquesen gorpua ostegun arratsaldean aurkitu zuten, Arga ibaian, Iruñeko Vergel zubiaren parean.
Halaber, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuan egin dioten autopsiaren emaitzak baieztatzeko hilotzari beste froga osagarriak egiteko eskatu du epaileak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez.
Burlatako bizilagunaren ustezko hiltzailea bere bikotekidea da. Javier Nietori fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio epaileak, bikotekidea itota hil zuela eta hurrengo egunean gorpua Ultzama ibaira bota zuela aitortu ostean.
Larunbatean, Blanca Marquesekin izandako eztabaida baten ostean ito eta biharamunean gorpua Arreko zubitik bota zuela aitortu zion Espainiako Poliziari.
Azken egunotan izandako euriteek emakumearen bilaketa-lanak nabari oztopatu duten arren, goitik behera arakatu dituzte Arga eta Ultzama ibaiak.
Atzo, osteguna, arratsaldean, Nafarroako suhiltzaileek Blanca Esther Marques Burlatako bizilagunaren hilotza topatu zuten, Arga ibaian, Iruñeko Vergel zubiaren parean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.