Gizartea -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Kaleratzeak STOP elkartearen Urkulluren kontrako salaketa, artxibatuta
Gasteizen etxegabetutako emakume baten datuak emateagatik eta "iraintzeagatik" salaketa jarri zuen elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Kaleratzeak STOP elkarteak Urkulluren kontra aurkeztutako salaketa artxibatu du EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak. Hauteskunde eztabaida batean, Gasteizen etxegabetutako emakume baten datuak jakinarazteagatik Iñigo Urkullu lehendakariaren kontrako salaketa jarri zuten Euskadiko kaleratzeen aurkako plataformek.
Kolektiboaren ustez, emakumearen datu pertsonalak publiko egin zituen Urkulluk, baita iraindu ere. Hala, irain eta sekretuak agerraraztearen delitu bana egotzita, salaketa aurkeztu zuten Gasteizko epaitegi batean. Lehendakaria Jaurlaritzako kide izanik, EAEko Auzitegi Nagusiak aztertu du auzia.
Urkulluk ETBko eztabaidan esan zuenez, emakume horrek baliabide ekonomikoak bazituen, baina, hala ere, "uko" egin zion ordaintzeari "laguntza sistemaz aprobetxatuta".
Kaleratzeak STOP elkarteak salaketan argudiatu zuenez, lehendakariak zabaldutako datuak "Alokabidek, Gasteizko Udalak eta lehendakariak soilik jakin ditzakete".
EAEko Auzitegiak uste du Urkulluk ez zuela deliturik egin. Epaian arrazoitu duenez, Urkulluk, Jaurlaritzako ordezkari gorena den aldetik, "herritarren artean kezka eragiten duen zerbitzu publiko baten informazioa eskuratzeko legezko legitimazioa du, eta, beraz, ez da pribatua".