Gizartea -
Bizkaia
Suhiltzaileek konorterik gabe zegoen katu bat suspertu dute, Sestaon
Arriaga kaleko etxebizitza batean izandako sute batetik erreskatatu zuten. Gaua inkubagailu batean igaro du Greyk, eta azken orduotan hobera egin du bere egoerak.
Eitb.eus
Bizkaiko suhiltzaileek konorterik gabe zegoen katu bat suspertu dute, Sestaoko Arriaga kalean atzo, asteartea, izandako sute batetik erreskatatu ostean. Asaam Bizkaia elkarteak jakinarazi duenez, sutea sukaldean sortu zen, zartagin batek eraginda.
Suhiltzaileak berehala heldu ziren lekura, baina Grey katua harrapatuta geratu zen. Katuak kea arnastu eta bihotz-birikak geldiarazita konortea galdu zuen, Mariano Macho Asaam Bizkaia elkarteko presidenteak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Etxebizitza horretan beste katu bat zegoen, Buffy (logela batean ezkutatzea lortu zuena eta suhiltzaileek onik atera zutena).
Suhiltzaileek konorterik gabe aurkitu zuten Grey, lurrean botata. Ez zuten denborarik galdu eta segituan artatu zuten. Bihotz-masajea eman eta oxigenoa jarri ostean, katua suspertzea lortu zuten.
Jarraian, Uribe Kosta albaitaritza zentrora eraman zuten katua, baina oso ahul zegoen oraindik. Mariano Macho Asaam Bizkaia elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, gaua inkubagailu batean igaro du Greyk, eta azken orduotan hobera egin du bere egoerak.
Buffy, beste etxebizitza batean hartu dute behin-behinean, baina elkarteak azaldu duenez, premiazkoa da bientzako etxe bat aurkitzea.
Asaam Bizkaiak eskerrak eman dizkie Bizkaiko suhiltzaileei, eta beraien jarduna goraipatu du, gertatutakoa ezusteko bat besterik ez izatea lortu dutelako. Halaber, laguntza eskaini dieten pertsona guztiei ere eskerrak luzatu dizkiete.