Gizartea -
Sutea Sestaon
Suhiltzaileak Sestaoko eraikinera itzuli dira, garrak berpiztu ostean
Ordubetean lortu dute sua itzaltzea. Garren ondorioz, 82. zenbakiko bizilagunak hainbat minutuz etxetik atera dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suhiltzaileak igandean Sestaon su hartu zuen eraikinera itzuli dira gaur goizean, garrak berpiztu ondoren. Hala ere, ordubetean sua itzaltzea lortu dute, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Goizeko zazpiak aldera eraikinean sua berpiztu dela antzeman dute eta, ondorioz, suhiltzaileak garrak itzaltzeko lanetan hasi dira. Suaren ondorioz, 82. zenbakiko bizilagunak hainbat minutuz etxetik atera dituzte.
Bestalde, igandeko sutearen ondorioz etxetik atera behar izan zituzten 68 bizilagunek Portugaleteko pentsio eta hoteletan igaro dute gaua. Udalak zehaztu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten ari dira kaltetuei erantzun bat emateko.
Bestalde, gaur egunean zehar kaltetu bakoitzari fitxa soziala irekiko diete beraien etxebizitza zein bestelako beharrak antzemateko. Eraikinaren egoerari dagokionez, Udalak adierazi du oraindik ez dakitela eraitsi egin beharko duten ala ez. Halaber, arratsaldean Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak Sestaora bisita egingo du.