Gizartea -

Araba

Kartzela zigorra, 20 urtez senide bat bortxatu eta jo zuen familiari

Neskatoak bortxaketak eta tratu txarrak eta lesioak jasan ditu 6 urte zituenetik 26 egin zituen arte. Epaileak 30 urteko kartzela zigorra ezarri die biktimaren bost senideri.

Aita, amona eta hiru osabak errudunak direla esan du epaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak kartzela zigorra ezarri die familia bateko bost kideri (aita, amona eta hiru osaba), sendiko emakume bati bortxaketak eta sexu erasoak egitea, tratu txarrak ematea eta lesioak eragitea leporatuta. Gazteak bortxaketak eta tratu txarrak eta lesioak jasan ditu 6 urte zituenetik 26 egin zituen arte.

Epaimahaiak 15 urteko kartzela zigorra jarri dio biktimaren aitari, sexu erasoa behin eta berriz egiteagatik. Halaber, gainerako lau akusatuak ere errudun jo ditu epaileak. Amonak, esaterako, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du, gazteari tratu txarrak emateagatik eta lesioak eragiteagatik.

Gainera, bost urte eta hiru hilabeteko zigorra, hiru urte eta sei hilabetekoa eta bi urte eta bederatzi hilabetekoa ezarri die akusatuaren aulkian eseri ziren biktimaren hiru osabari.

Halaber, Arabako Probintzia Auzitegiak biktimari min moralengatik 70.000 euro eta lesioengatik eta ondorio psikikoengatik 15.000 euro ordaintzera agindu die akusatuei, epaitegiko iturrien Eferi esan dioten arabera.

Arabako Fiskaltzak guztira 56 urteko kartzela zigorra eskatu zituen gaztearen familiako bost kideentzako.

_____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Araba EAE albisteak Delituak Albisteak