Gizartea -
Martxoaren 12ko sutea
Sestaoko suteak kaltetutako bi familiak soilik jarraitzen dute hoteletan
Datozen egunotan irtenbidea emango diete, Alokabide parke publikoko etxebizitza bat emanda.
agentziak | erredakzioa
Aurreko martxoaren 12an Sestaoko Kale Nagusiko 80.ean izandako sutean kaltetutako 33 familietako bik soilik jarraitzen dute hoteletan. Datozen egunotan horien egoera konponduko dela espero da, Alokabide parke publikoko etxebizitza bat eman nahi baitiete, Sestaoko Udalak jakitera eman duenez.
Udalak Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu duen 140.000 euroko diru-laguntza eskertu du. Laguntza horrekin sutearen ondorioz sortutako 255.000 euroko gastuaren zati bat ordainduko dute.
Udalak azaldu duenez, 33 familiari altzariak eta etxeko tresnak erosteko laguntza bereziak eman zizkien Alokabideko etxebizitza berrietan sartu ahal izateko, eta 31.050 euroko gastua izan omen zen hori.
Behin behineko alojamenduaren eta familien elikaduraren gastua 216.000 euroraino iritsi zen, eta beste gastu batzuengatik ia 7.000 euro gehiago ordaindu zituen Udalak.