Gizartea -

Greba

Jarraipen 'oso zabala' sindikatuen hitzetan; %41ekoa Jaurlaritzaren arabera

Erkorekak esan du ez dagoela arrazoirik greba egiteko; sindikatuek erantzun dute 27.000 ikasle gehiago matrikulatu direla eta, beraz, zilegia dela 2.000 lanpostu gehiago eskatzea.

Bilbon sindikatuek deituta gaur egin duten manifestazioa. Argazkia: Efe.
Bilbon sindikatuek deituta egin dute manifestazioa. Argazkia: Efe.
Hezkuntza publikoko greba deialdiak jarraipen maila “oso zabala” izan du

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, hirugarren greba eguna izan dute unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan. Sindikatuek ohartarazi dute 2017-2018 ikasturtearen hasiera “oso gogorra” izango dela lan-baldintzak eta hezkuntza-sistema hobetzeko egin dituzten eskariak betetzen ez badira.

Bilbon, Gasteizen eta Donostian egindako manifestazioetan milaka langile izan dira, azken urteotan hezkuntza publikoan izan diren murrizketak salatzeko.

Beste behin, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza ez datoz bat parte-hartzeari buruzko datuak ematerakoan. Sindikatuen hitzetan, lanuzteak jarraipen “oso zabala” izan du; Hezkuntza departamentuak, berriz, irakasleen % 41ek egin  dute greba.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du ez dagoela grebarako arrazoirik, “Euskal Autonomia Erkidegoan baldintzarik onenak dituzten kolektiboa osatzen dutelako”.

Guztira, 30.000 langile daude deituta grebara, irakasleak, espezialista laguntzaileak, haur-eskoletako irakasleak eta Hezkuntza Sailaren menpeko jantokietako eta garbiketako beharginak.

Jaurlaritzaren arabera, lanuzteak haur-eskoletan izan du eragin handiena: langileen % 63,70ak jo du grebara.

Ikastetxeen % 92ren informazioa bilduta, irakasleen % 41,01ak egin dute greba; espezialista laguntzaileen kasuan, % 48,76 izan dira grebara jo dutenak; eta Hezkuntza Sailaren menpeko jantokietako eta garbiketako langileen kasuan, % 43,75.

Matrikulazioen gorakadaren aurrean, lanpostu gehiago

Sindikatuek uko egin diote “zifren inguruko gerra batean” sartzeari, baina berretsi egin dute jarraipena “oso zabala” izan dela, martxoaren 22ko eta maiatzaren 16ko grebetan izandakoaren antzekoa. Orduan lanuztearen eragina % 80 ingurukoa izan zela azpimarratu zuten.

Eguerdian, 15.000 pertsona baino gehiago atera dira kalera, sindikatuek Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioetan.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatu dute: “Erantzunak espero ditugu, bestela, kalean topatuko gaituzte, aurrez aurre”, ohartarazi dute.

Xabier Irastorza ELAko ordezkariak Bilboko mobilizazioan hartu du parte. Eusko Jaurlaritzari urratsak eskatu dizkio, “datorren kurtsoaren hasiera oso gogorra izatea nahi ez badu”.

“Arduragabekeriaz jokatzen badu eta gure aldarrikapenei entzungor egiten badie, ikasturte berrian ere grebak eta mobilizazioak deitzen jarraitu beharko dugu”, berretsi du.

ELAk, LABek eta Steilasek hezkuntzan inbertitu behar dela aldarrikatu, eta hauek eskatu dituzte: langile gehiago kontratatzea eta baliabide gehiago bideratzea, behin-behinekotasun maila “onartezinak” jaistea, ikasgeletan ikasle gutxiago egotea, soldatak murrizteari uztea, ikasle euskaldun eta eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eta LOMCE eta Heziberri Eusko Jaurlaritzaren heziketa plana bertan behera uztea.

Horrela bada, “errealismoz eta arduraz” jarduteko eskatu dio Irastorzak Jaurlaritzari. “Hezkuntza publikoan egoera oso larria da eta gure seme-alaben oraina eta etorkizuna dago jokoan”, erantsi du.

Eusko Jaurlaritzak sindikatuei egindako kritikak ere erantzun ditu. Irastorzak nabarmendu du matrikulazioetan 27.000 ikasleko gorakada izan denean, 2.000 lanpostu gehiago sortzea edo irakasleak lehen egunetik ordezkatzea eskatzea arduraz jokatzea dela.

Erkorekak dio ez dagoela grebarako arrazoirik

Bien bitartean, Josu Erkorekak esan du ez dagoela inolako arrazoirik hezkuntza publikoan grebara jotzeko, “Euskal Autonomia Erkidegoan baldintzarik onenak dituzten kolektiboa direla kontutan hartuta”.

“Eusko Jaurlaritzak ez du ulertzen baldintzarik onenak eta lan-eskaintza publiko gehien dituen kolektibo honek sortzea lan-gatazkarik handienak”, adierazi du.

Erkorekak argi utzi nahi izan du grebarako eskubidea errespetatzen dutela, baina kasu honetan horretarako arrazoirik ez dagoela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Langileen Alkartasuna LAB albisteak Grebak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Sindikatuak Steilas azken ordukoa