Gizartea -
Indarkeria Matxista
Espetxera bidali dute Rakel Lopezen eta haren semearen ustezko hiltzailea
Zerbitzuz kanpo zeuden bi agentek atxilotu zuten, asteartean, Madrilen. Maiatzaren 2an hil omen zituen, Alcobendas udalerrian.
Agentziak | Erredakzioa
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Alcobendasko (Madril) Auzitegiak espetxera bidali du Rakel Lopezen (44 urte) eta haren semearen (Markel, 12 urte) ustezko hiltzailea. Epaileak bermerik gabeko behin behineko kartzela-zigor komunikatua ezarri dio auzipetutako gizonari. Hilketa maiatzaren 2an jazo zen, Alcobendas udalerrian.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJM) jakitera eman duenez, epaileak espetxera bidali du Mounir Ayad, 37 urtekoa, bi hilketa delitu leporatuta.
Auzipetutako gizonezkoak epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubidea erabili zuen. Jarraian, Soto del Realeko (Madril) espetxera bidaltzeko agindua eman zuen epaileak.
Zerbitzuz kanpo zeuden bi agentek asteartean atxilotu zuten, Madrilen, Tetuan auzoko parke batean.
Antza denez, 44 urteko emakume eibartarrak ez zuen bikotekideren kontrako salaketarik jarri, eta hark ez zeukan inolako urruntze-agindurik ezarrita.
Gizonezkoak aurrekari polizialak ditu, baina ez tratu txarrengatik.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.