Gizartea -

9 hilabeteko bahiketa

Kooperanteek eskerrak eman dizkiote Gobernuari egindako esfortzuagatik

Espainiako Gobernuak egindako diplomazia lanengatik gustura agertu dira Vilalta eta Pascual. Magrebeko Al Kaidak jakinarazi duenez, hainbat eskari bete ostean askatu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Vilalta eta Roque Pascual Barcelona Accio Solidaria GKEko kooperante kataluniarrek Espainiako Gobernuak bahiketa amaitzeko egindako diplomazia lanak eskertu dituzte El Prat aireportura iritsi direnean. Espainiako Armadaren hegazkin batean iritsi dira Burkina Fasotik, Magreb Islamiarreko Al Kaidaren esku bederatzi hilabetez bahituta izan ostean.

Pascualek eta Vilaltak senideak zituzten zain aireportuko pistan, baina emazteak hegazkinean iritsi ziren Uagadugutik (Burkina Faso), bahitutako kooperanteekin eta Soraya Rodriguez Nazioarteko Lankidetzako Estatu idazkariarekin batera.

Kooperanteek agerraldia egin dute prentsaren aurrean, gertuko senideekin ordubetez bildu ostean, eta lasai hitz egin dute. Vilaltak makuluak zeramatzan bahitu zutenean egin zizkioten zauriengatik, eta Pascual nabarmen argaldu da.

Jose Montilla Generalitataren presidentea eta Jordi Hereu eta Nuria Parlon Bartzelonako eta Santa Coloma de Grameneteko alkateak alboan zituztela, kooperanteak nekatuta eta hunkituta agertu dira.

Bahiketa amaitzeko Espainiako Gobernuak egindako diplomazia lanengatik eskerrak eman dituzte momentu oro. "Oso egun garrantzitsua da guretzat, bederatzi hilabetez egon gara oso bahiketa gogor batean, eta askatasuna lortu dugu jada, oso pozik nago eta hunkituta", adierazi du Vilaltak, hitza hartzen lehenak.

"Badakigu Espainiako Gobernuak lan diplomatiko itzela egin duela inguruko herrialdeetako gobernuekin. Oso harro gaude gure gobernuaz", adierazi du Vilaltak, prentsak "neurriz" jokatu duela azpimarratu aurretik.

"Modu egokian tratatu gaituzte. Haiekin bizi, jan eta lo egin dugu", baina Vilaltak ez du ezkutatu bahitzaileek bederatzi hilabete "kendu" dizkietela. "Oso gogorra izan da emaztea, seme-alabak, gurasoak eta ingurukoak ondoan ez edukitzea, baina esperantzari eutsi diogu gaur arte".

Roque Pascualek, era berean, askatzeko prozesua "luzea eta oso zaila" izan dela berretsi du eta azpimarratu bahitzaileek "modu egokian" tratatu dituztela "nahiz eta haien egunerokoan dituzten gabeziak handiak" izan. "22 kilo galdu ditut", jakinarazi du Pascualek hedabideen aurrean.

El Pais egunkariari bidalitako ohar bat

Amaiera zoriontsua

Jose Luis Rodriguez Zapatero Exekutiboko presidentea amaiera zoriontsuagatik poztu da. Roque Pascualen eta Albert Vilaltaren askapenean lagundu duten Gobernuen eta, "bereziki", ingurukoen lana eskertu du Zapaterok.

Moncloan egindako agerraldian, Zapaterok azpimarratu du "poztasun egun" honek "inoiz jazo behar ez zen ekintza terroristari" amaiera ematen diola. Halaber, Pasqual eta Villaltarekin batera bahitutako Alicia Gamez gogoan izan du Espainiako presidenteak. Gamez martxoan askatu zuten eta Espainiako Exekutiboak bere lagunen askapena jakinarazi dio.

Bahitutako bi lagunen senitartekoen konfiantza "bihotzez" eskertu du Zapaterok, eta halaber, "amaiera zoriontsua" lortzen lagundu duten hedabideen "zuhurtzia" txalotu du.

Espainiako Gobernuko presidenteak askapenaren berri eman die talde parlamentariei, kooperanteen GKEari, Jose Montilla Generalitateko presidenteari, eta Jordi Hereu Bartzelonako alkateari.

Accio Solidariak cavaz ospatu dute

Barcelona Accio Solidaria GBEko kideek euren lagunen askapena cavaz ospatu dute. Frances Osan GBEko presidentearen agerraldia, Zapatero presidenteak Madrilen eman duen prentsaurrekoarekin ia bat egin du. Osanek azaldu duenez, azkenik Maria Teresa Fernandez De la Vegak baieztatu dio euren kideak "toki seguruan" daudela.

"Oso pozik gaude. Bederatzi hilabeteren ostean, poztasun handia da. Aspalditik geunden horren zain", adierazi du Osanek eta bai bera baita bere kideak ere, Vilalta eta Pascual besarkatzeko irrikitan daudela gaineratu du.

Astero bezala, Barcelona Accio Solidariak asteazkenean Placa del Rein kontzentrazioa egingo duela aditzera eman du. Oraingoan, kooperanteen askapena eskatu beharrean, euren itzulera ospatzeko abagunea izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea