Gizartea -
Kontzentrazioa
Ehunka pertsonak salatu dute Zarautzen neska bati egindako sexu-erasoa
Adin txikiko batek ekainaren 27an, San Pelaio jaietan, sexu-erasoa jasan zuela salatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira gaur eguerdian Zarautzen (Gipuzkoa), adin txikiko batek San Pelaio jaietan jasandako sexu-erasoa salatzeko. Joan den astelehen gauean gertatu zen erasoa.
'Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista' lemapean egin dute elkarretaratzea, Udalaren ondoan, Sare Feminista Zarautz, Zarautz Bilgune Feminista eta Sorginak taldeek deituta.
Udaletxeko kideek hartu dute parte, Xabier Txurruka alkatea buru zutela. Horiez gain, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza eta Komunikazio diputatua ere han izan da.
Bestalde, Zarauzko bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzionala onartu du, talde guztien babesarekin (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi), bortxaketa salatu eta biktima errespetatzea eskatzeko. Halaber, indarkeria matxistaren irtenbidea "guztion arazoa" dela gogorarazi du.
Adin txikiko batek ekainaren 27an sexu-erasoa jasan zuela salatu zuen, herriko San Pelaio jaietan. Ikerketaren ondorioz, 18 urteko mutil bat atxilotu zuten, eta kartzelara bidali zuten, ustezko erasotzailea delakoan.