Gizartea -
12:00etan
Sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzeak gaur, Zarautzen eta Sopelan
Adin txikiko batek bortxatu egin zutela salatu zuen Zarautzen eta, beste gazte batek eraso sexuala jasan zuela Sopelan.
Agentziak | Erredakzioa
Elkarretaratzeak deitu dituzte gaur eguerdian Zarautzen (Gipuzkoa) eta Sopelan (Bizkaia), aste honetan salatutako eraso sexualak kondenatzeko.
Batetik, Zarauzko Mugimendu Feministak jakitera eman zuenez, San Pelaioko jaietan bortxatu egin zutela salatu zuen adin txikiko neska batek. Erasoa festetan gertatu zen, joan den ekainaren 27an, eta biktimak bortxaketa salatu zuen Ertzaintzaren aurrean.
Ikerketaren ondorioz, 18 urteko gazte bat atxilotu zuten, sexu-erasoa leporatuta. Epailearen aurrean izan ostean, kartzelan sartu zuten.
Bestetik, Sopelako jaietan sexu-erasoa jasan zuela salatu zuen emakumezko batek ostiralean, Sopelako Udalak ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Ertzaintzak 21 urteko mutil bat atxilotu zuen, eta aske geratu zen epailearen aurrean deklaratu eta gero.
Bi Udalek gertatutako salatu dute
Sopelako Udaletxeko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du gertatutakoa salatzeko adierazpena, erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna adierazteaz gain. Halaber, beharrezkoa den babes psikologikoa eta juridikoa eskaini dio biktimari. Aldi berean, "gertatutakoa argitzeko ikerketa azkarra eta zehatza" eskatu du.
Zarauzko Udalak ere "irmo" salatu du jazotakoa, eta Zarauzko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egingo duela adierazi du. Horrez gain, "biktimaren irudia eta intimitatea babestea" alkarrikatu du.
---
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.