Gizartea -
Bizkaia
Lekeition falta den arrantzalea bilatzeko lanei ekin diete berriro
57 urteko Lekeitioko bizilaguna astelehen gauean atera zen arrantzara ontzi txiki batean eta, itzultzen ez zela ikusita, senideek salaketa jarri zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itsas Salbamenduak, Ertzaintzak eta Gurutze Gorriak Lekeition falta den 57 urteko arrantzalea bilatzeko lanei ekin diete berriro gaur goizean. Falta den Lekeitioko bizilaguna astelehen gauean atera zen arrantzara ontzi txiki batean eta ez zen portura itzuli, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Bizkaiko golkoko 7.000 metro koadro arakatuko dituzte eta bilaketa Frantziako uretara ere zabalduko dute, Itsas Salbamenduko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez.
Bilaketa lanetan parte hartzen ari dira Itsas Salbamenduko helikoptero bat, hegazkin bat, Maria Maeztu itsasontzia eta Salvamar Alcyone ontzia, Ertzaintzako helikoptero bat eta SOS Deiak Larrialdi Zerbitzuetako baliabideak.
Arrantzalea etxera itzultzen ez zela ikusita, senideek salaketa jarri zuten eta atzo bertan ekin zieten bilaketa lanei.