Gizartea -
Gasteiz
Errekaolerrek bizi baldintza egokiak dituela dio txosten tekniko batek
Errekaleorri Bai manifestuaren sinatzaileek aurkeztu dute Almudena Perez arkitektoak egindako eta beste 18 profesionalek babestu duten txostena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errekaleor auzoak bizi baldintza egokiak dituela dioen txosten bat aurkeztu dute gaur Errekaleorri Bai manifestuaren sinatzaileek. Almudena Perez arkitektoak egin du eta beste 18 profesionalek babestu dute.
Errekaleorri Bai manifestua sinatu zuten Txema Ramirez de la Piscina Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Oihane Perea bertsolariak eta Bingen Mendizabal musikariak dokumentua helarazi diete Gasteizko Udaleko alderdi politiko guztiei.
Halaber, txosten bat erregistratu dute Udaleko Hirigintza departamentuan, "erabaki bat hartzerakoan arrazoi posible guztiak kontuan har ditzaten".
Maiatzaren 18an argindarra moztu zuten auzoan eta, gerora, auzoa eraisteko tramiteak hasi zituen Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE).
"Ez dago auzoa eraisteko inolako arrazoi teknikorik", azaldu du Ramirez de la Piscinak. Gaineratu duenez, gaur aurkeztutako txostenak erakusten du ez dela aluminosi kasurik existitzen, amiantoa ez dela arazo baldin eta manipulatzen ez bada eta Errekaleor auzoak bizi baldintzak betetzen dituela. Azaldu duenez, beti ere txostena aipatuta, eraikinak duela hiru edo lau urte baino egoera hobean daude.
Hori dela eta, etxebizitzak eraisteko arrazoirik ez dagoela dio txostenak, bertako bizilagunak "ez daudelako arriskuan". Hori guztia dela eta, auzoa eraisteko lanak bertan behera uzteko eta elkarrizketa prozesu bat abiatzeko eskatu dute Errekaleorri Bai manifestuaren sinatzaileek.