Gizartea -
Sanferminak 2017
Salaketa bat eta bi atxilotu, jaietako zortzigarren egunean
Lehenengo susmagarria eguneko salaketarekin lotuta atxilotu dute; bestea, ostera, aurretik jasotako salaketa batengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Uztailaren 13an ukituak salatu ditu emakume batek, eta Poliziak sexu erasoekin zerikusia izan dezaketen bi susmagarri atxilotu ditu, Iruñeko Babes Zibilerako Batzordeak gaur goizeko bileraren ostean jakinarazi duenez. Lehenengo susmagarria egunean bertan egindako salaketarekin lotuta atxilotu dute; bestea, ostera, aurretik jasotako salaketa batengatik.
Gaur publikatu diren azken datuen arabera, orotara, sexu eraso bat eta 12 sexu abusu salatu dituzte. Guztira, 11 pertsona atxilotu dituzte horiekin lotuta.
Gaurko bileraren ostean, garraio publikoko gidariei eta babes zibileko laguntzaileei elkartasuna adierazi die Iruñeko Babes Zibilerako Batzordeak, jaso dituzten eraso eta jarrera desatseginengatik. Gainera, udaltzainei eskerrak emateko aprobetxatu dute gaurko agerraldia.
______________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.