Gizartea -
SANFERMINAK
Kartzelan sartu dute sanferminetan sexu erasoagatik atxilotuetako bat
Autoaren arabera, akusatuaren kontrako kriminalitate zantzuak 'sendoak' dira. Dena den, akusatuak guztia ukatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko guardiako epaileak behin-behinean kartzelara bidali du sexu eraso delitu batengatik eta indarra erabilita ukituak egiteagatik aurtengo sanferminetan atxilotutako gizonezko bat.
Akusazio partikularrak ustezko erasotzailea espetxean sartzea eskatu du eta fiskalak eta defentsak, berriz, behin-behinean aske uztea eskatu dute. Akusatuak leporatzen zaizkion delitu guztiak ukatu ditu.
Autoan irakur daitekeenez, akusatuaren kontrako kriminalitate zantzuak 'sendoak' dira. Emakumeak egindako salaketaren arabera, hainbat lagunekin taberna batean jaiaz gozatzen ari zela akusatuak "indarra erabilita bularrak, ipurmasailak eta genitalak" ukitu zizkion.
Emakumeak eta haren lagunek erasotzaileari bere jarrera aurpegiratu bazioten ere, ukituak egiten jarraitu zuen. Hori dela eta, emakumea hanka artetik heldu zion. Horren aurrean, erasotzaileak aurpegian kolpe gogorra eman zion emakumeari eta lurrera erori zen, une batez konortea ere galdu zuen. Emakumeari laguntzen ari ziren bitartean, erasotzaileak ihes egin zuen, baina emakumearen lagunek atzetik segitu zuten eta, horri esker, atxilotu ahal izan zuen Poliziak. Auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, emakumearen testigantza eta lesioak erabat bateragarriak dira.
Epaiketa datorren uztailaren 21ean egingo dute Iruñean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.