Gizartea -

Tabakoaren aurkako Legea

EAEko taberna eta jatetxeak, kerik gabe 2011tik aurrera

Erabilera publikoko gune itxi guztietan erretzea debekatuko duen Legea onartu du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabilera publikoko gune itxi guztietan erretzea debekatuko duen Legea onartu du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak. Tabakoaren aurkako Legeak lokal itxi batetik kanpo dauden eremu guztietan eta azaleraren % 50 baino gehiago goitik eta alboetatik itxita dauden tokietan ere erretzea debekatuko du. 2011ko urtarrilean indarrean sartzea espero du Jaurlaritzak.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azaldu duenez, aldaketa honek tabakoaren alorreko hainbat elementuri ere eragingo die, tartean tabakoaren publizitateari eta sustapenari, salmentari eta hornidurari, kontsumoari eta zehapen-erregimenari.

Tabakoaren alorreko Ikuskapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateei (Ertzaintza eta Udaltzaingoak) dagokie, eta unitate horiek beren ohiko eginkizunez gain honako eginkizun hauek beteko dituzte: ikuskapena eta tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokienez Legean azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartuko ditu zehapen-izapide guztiak "legea betearazteko". Legea ez betetzeagatik jartzen diren zehapenen ondorioz biltzen den diru guztia droga-mendetasunak aurrezaintzeko estrategiak garatzeko erabiliko da, Zabaletak azaldu duenez.

Bere hitzetan, Jaurlaritzaren helburua "herritar guztien osasuna babestea" izango da, "bereziki ostalaritzako profesionalena eta leku horietara sartzen diren adingabeena".

Zabaletak gogoratu duenez, hiritarren % 61 erretzea debekatzearen alde daude (Jaurlaritzak inkesta egin zuen uztailean).

Debekuak hainbat tokitan izango du eragina

Lege honek hainbat tokitan izango du eragina: lantokietan (aire zabaleko guneetan izan ezik), Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko erakundeen zentroetan eta bulegoetan, Osasun-etxe, zerbitzu eta establezimenduetan, ikastetxeetan eta prestakuntza-etxeetan, Kirol-instalazioetan eta ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, 18 urtetik beherako aisialdi eta ikuskizun-arloetan (haur-parkeetan bereziki) eta jendea zuzenean artatzeko eremuetan.

Beste hainbat eremutan ere erretzea debekatuko dute: merkataritza-guneetan, hoteletan, ostatuetan, tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimenduetan, gizarte-laguntzako zentro, ostatu eta bestelako establezimenduetan, kultura-etxeetan, irakurketa-aretoetan, erakusketa-aretoetan, liburutegietan, hitzaldietarako aretoetan eta museoetan, antzokietan, zinema-aretoetan, dantzalekuetan, joko-establezimenduetan, jakiak egiteko, eraldatzeko, prestatzeko, dastatzeko edo saltzeko establezimenduetan. igogailuetan eta jasogailuetan, telefono-kabinetan, leku itxietako kutxazain automatikoetan, autobus-geltokietan, enpresako garraio-ibilgailuetan, taxietan, anbulantzietan, funikularretan, teleferikoetan eta antzekoetan eta edozein motatako garraiobide pribatuetan, barruan adingabekoak daudenean.

Salbuespen gisa, erretzaileentzako guneak jarri ahal izango dira, osasun-arrazoiak edo zehapenak betetzeko arrazoiak direla medio, zenbait gune itxitan egon behar duten pertsonentzat, betiere Droga Gaietako Zuzendaritzari baimena eskatu ostean.

Arau-hausteak

Arau-hauste arinak izango dira: Tabakoa saltzeko baimena duten establezimenduetan eta tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoen lekuetan kartelik ez izatea, ohar sanitariorik ez izatea tabakoa saltzeko makinetan, adingabeek tabakoa saltzea eta debekatuta dagoen lekuetan erretzea eta erretzeko baimena ematea.

Arau-hauste larriak, berriz: Geruza naturalik gabeko tabako-gaiak merkaturatzea, saltzea eta banatzea, banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketetan, merkataritza-jarduera bat gauzatzean tabako-laginak ematea, hornitzea edo banatzea eta tabakoa deskontuarekin saltzea, tabakoa saltzeko makinen erabilerari, kokapenari, ezaugarriei, erregistroari eta abarri dagokion oro, adingabeei tabakoa saltzea eta tabakoa saltzea zuzeneko salmenta pertsonalaren bidez edo makinak saltzeko makinen bidez ez den beste metodo baten bitartez.

Azkenik, arau-hauste oso larriak izango dira: Tabakoaren arloko publizitatearekin eta sustapenarekin lotuta dagoen oro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea