Gizartea -

Gerra krimenak

1937an Durango bonbardatu zuten 46 pilotu italiar salatu ditu Udalak

Kereila Italiako Armadako militarren kontra jarrita, Espainiako 1977ko Amnistia Legeak gerra krimenak ikertzeko ezarritako oztopoak gainditu ditu Udalak.

Durangoko bonbardaketa. Argazkia: turismodurango.net
Durangoko bonbardaketa. Argazkia: turismodurango.net
Durangoko bonbardaketa. Argazkia: turismodurango.net

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Durangoko Udalak kereila bat jarri du Italiako Armadako 46 piloturen kontra, 1937ko martxoan eta apirilean Durango bonbardatzeagatik gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egotzita.

Historialari askoren arabera, gizarte zibilaren kontra inoiz egindako lehen erasoa izan zen. 300 lagun baino gehiago hil zituzten eta beste horrenbeste eraikin suntsitu zituzten, tartean eskolak eta udaletxea.

Udala akusazio partikular gisa aurkeztu da auzi honetan. Kereila Italiako Armadako militarren kontrakoa denez, Espainiako 1977ko Amnistia Legeak ez dio eragiten, eta salaketak aurrera egingo du.

Estrategia bera erabili zuen Altra Italiako talde antifaxistak herrialde horretako Armadak 1937 eta 1939 bitartean Bartzelona egin zituen bonbardaketak ikertu ahal izateko. Horixe da, hain zuzen ere, 1936ko Gerraren harira Estatuan irekita dagoen ikerketa bakarra.

Alabaina, Bartzelonan izandako bonbardaketen ikerketa etenda dago, erasoetan parte hartu zuten militarrak identifikatzeko oztopoak direla eta. Durangoko Udalaren salaketak, berriz, Jon Irazabal historialariak egindako dokumentazio lana biltzen du, eta txosten horretan Italiako Armadako 46 piloturen izenak agertzen dira.

Aviazione Legionaria abiazioaren "interbentzio militarra legez kanpokoa" izan zela dio Udalak, Italiaren kontrako gerrarik ez zegoelako.

Bonbardaketaren ondorioak

Udalaren datuen arabera, 281 bonba (14.840 bala) jaurti zituzten Durangon, eta 321 eraikinetan egin zituzten kalteak. Horietako 70 eraitsi egin behar izan zituzten, eta herriko hiru elizak erabat suntsituta geratu ziren. Kalte ekonomikoak 4,2 milioi eurokoak izan ziren, kalkulu batzuen arabera.

Erasoaldiak Italiako Armadako bi eskuadrillak egin zituzten: batak Sorian zuen basea, eta besteak, Logroñon.

Erasoaldi gogorrenak 1937ko martxoaren 31n, 08:30ean eta 16:30ean, egin zituzten. Goizean herrigunea bonbardatu zuten, herritar gehienak etxean zeudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Salaketak berriak Gaurko titularrak Memoria historikoa albisteak Frankismoari buruzko albisteak Durango argazkiak Albisteak