Gizartea -
Ikerketa
Hilean txerto bat hartzea nahikoa izan liteke GIBari aurre egiteko
Egun, giza immunoeskasiaren birusa duten pazienteek pilula bana hartu behar izaten dute egunero gaitzari aurre egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Giza immunoeskasiaren birusari (GIB) aurre egiteko hilean txerto antirretrobiral bat hartuta nahikoa izan daitekeela ondorioztatu dute ikerketa baten bidez. Lana Joseph Eron Ipar Carolinako (AEB) Unibertsitateko zientzialariak egin du eta gaur azalpenak eman ditu Parisen, GIBari buruzko IX. Biltzarrean.
Ikerketa horren arabera, birusaren eramaileek ondo erantzuten dute txertoa jaso ostean, lau astean behin edo zortzi astean behin jarrita ere.
Egun, giza immunoeskasiaren birusa duten pazienteek pilula bana hartu behar izaten dute egunero gaitza ez kutsatzeko.
"Seropositiboentzat erosoagoa izan daiteke tratamendua hilerokoa izatea eta horrek jarraipen-tasa handitzea ekarriko luke", adierazi dute ikertzaileek. Ehunka lagunekin egin dituzte frogak.
Tratamenduari jarraipena ematea ezinbestekoa dela gogoratu dute; izan ere, hala egin ezean, antirretrobilak gainditzeko gai diren birusak agertzea gerta daitekeela ohartarazi du Jean-François Delfraissy konferentziako presidentekideak.
Kazetari batek galderari erantzunez, Delfraissyk esan du etorkizunean posible izan daitekeela pazienteei "partxeen bidezko tratamendua" eskaintzea eta aipatu konponbideak prebentziorako ere erabiltzea.
Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, egun 36,7 milioi pertsonek dute giza immunoeskasiaren birusa eta horietako % 53k erretrobirusen kontrako sendagaiak hartzen dituzte.