Gizartea -
Gasteizko jaiak
Urtaranek posible ikusten du zezenketak itzultzea, enpresek ordainduz gero
Kultura zinegotziak gogorarazi du 2010etik 2016ra zezenketen ikusle kopurua 53.000tik 21.000ra jaitsi zela, eta antolatzaileek galera handiak izan zituztela.
agentziak | erredakzioa
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ateak ireki dizkio datozen ureetan zezenketak itzultzeari, beti ere jaialdien gastu guztiak eta egon litezkeen galerak enpresarien esku geratuz gero.
Urtaranek Estibaliz Canto Kultura zinegotziarekin batera egin du gaur agerraldia, jaien balantzea egiteko, lehenengoz zezenketarik izan ez duen jaiei buruz.
"Orain arte egin duguna egingo dugu. Udal honek sekula ez ditu zezenketak galarazi, lehiaketa hutsik geratu zen jai guztietan zezenketak egitea ez delako errentagarria", aurreratu du alkateak.
"Gu ez gara izango debekatuko dugunak, baina ez dugu diru publikorik jarriko zezenketen gastuak edo galerak gure gain hartzeko. Enpresariek osorik beregain hartu beharreko zerbait da, eta norbaitek egin nahi badu, Gasteizen zezenketak egongo dira", gaineratu du.
Adierazpen horiek ateak irekitzen dizkie lehiaketaren esleipenari, nahiz eta Kultura zinegotziak bere garaian esan 2018an ez zela egongo.
Zezenketen ordez jarritako ikuskizunek 13.630 ikusle bildu zituzten hiru egunetan. Ikusle gehien bigantxek erakarri zuten, 9.000tik gora. "Balantzea positiboa da, eta jendeak bigantxak nahi dituela erakusten du", azaldu du Kultura arduradunak.
Zezenzaleek Udalari egin dizkioten kritiken aurrean, berriz, Cantok gogorarazi du 2010etik 2016ra zezenketen ikusle kopurua 53.000tik 21.000ra jaitsi zela, eta enpresariek ezin zietela aurre egin galerei.
Horren harira, azpimarratu du Jose Cutiño enpresariak, plazaren aurreko kudeatzaileak, uko egin ziola jarraitzeari, 80.000 euroko galerak izan ostean.