Gizartea -
Osasun Saila
Astelehenean hasiko da griparen aurkako txertaketa-kanpaina EAEn
Orotara 420.000 txerto sortu dituzte aurtengo kanpainari aurre egiteko. 2,1 milioi euro inbertitu ditu Osasun Sailak.
Erredakzioa
Datorren astelehenean (hilaren 20a) hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. 65 urtetik gorako pertsonak, gaixo kronikoak, osasun alorreko langileak eta haurdun dauden emakumeak txertoa jartzera deituta daude. Gripe arruntari eta A-Gripeari aurre egingo dion txertoa prestatu du Jaurlaritzak.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak Bilbon aurkeztu du txertaketa kanpaina. Orotara 420.000 txerto sortu dituzte aurtengo kanpainari aurre egiteko. 2,1 milioi euro inbertitu ditu Jaurlaritzak.
Iazkoa baino denboraldi "lasaiagoa" izango da aurtengoa, A-Gripearen mundu mailako pandemia bukatutzat eman ondoren.
Gripea "kutsakorra" den gaixotasuna dela gogoratu du Osasun buruak, eta horregatik txertoa jartzeko gomendioa luzatu du. "Askotan gaixotasuna saihesten du, eta beste askotan, gaixotasunaren indarra murriztu egiten du".
Bengoak nabarmendu du oso garrantzitsua dela urtero jartzea txertoa, gripearen birusa oso aldakorra baita.
Aurten, pazienteei gaixotasuna kutsatzeak ekar dezakeen arriskuaz kontzientziatu nahi dituzte osasun-langileak.
Txertoa jartzeko, arrisku taldeetan dauden pertsonek medikuarenera joan beharko dute, eta hark emango die txertatu ahal izateko txartela. Diabetikoek eta gaixotasun kronikoak dituztenek ez dute medikuarenera joan beharko, haien historia klinikoan agertzen baita arrisku faktorea.
65 urtetik gorako pertsonen kasuan, osasun-zentroan txartel sanitarioa erakustea nahikoa dute. Hori bai, aldez aurretik zita eskatu beharko dute.
Sailburuak azaldu duenez, iazko kanpainak emaitza ona izan zuen. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorako pertsonen % 70,3ri jarri zieten txertoa. Horrenbestez, hamar euskal herritarretik zazpi daude "babestuta" gripearen aurka.
Bestalde, A-Gripearen aurka erosi baina erabili ez ziren 200.000 dosi Osasun Ministeriora bidali dituztela jakinarazi du Bengoak.