Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Villabonako emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Villabonako Udalak "dolumina, elkartasuna eta babesa agertzen dizkie biktimaren senide eta gertukoei".

Arroyo de la Luz herrian izan dira gertaerak, Caceresen. EFE
Arroyo de la Luz herrian izan dira gertaerak, Caceresen. EFE
Sofia Tato Villabonako emakumea hil du, ustez senarrak, Arroyo de la Luzen

1:01

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Villabonako bizilagunek bat egingo dute arratsalde honetan Errebote Plazan, jaiotzez udalerri horretakoa zen 42 urteko emakumearen hilketa salatu eta gaitzespena agertzeko asmoz deitutako elkarretaratzean. Halaber, Udalak ohar bat kaleratu du emakume horren hilketa “argi eta garbi” gaitzesteko.

Elkarretaratzea 19:00etan izango da, baina aurretik martxa bat egingo da herrian, helburu horrekin berarekin. “Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, eta emakumeen kontrako edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa” har dezatela eskatu die Udalak herritarrei.

Villabonako Udalak "dolumina, elkartasuna eta babesa agertzen dizkie biktimaren senide eta gertukoei".

Hilketa atzo izan zen, Arroyo de la Luzen (Caceres). Ustezko erasotzailea, biktimaren senarra (42 urte ditu), Cacereseko San Pedro de Alcantara ospitalera eraman zuten arma zuriz egindako zauriengatik artatzera. Guardia Zibilak zaintzen ari dira. Senarrari ebakuntza egin diote, eta egonkor dago. Hainbat zauri zituen; horietako bat 3 zentimetrokoa zen, arma zuriak egina, eta ezkerreko alde torazikoan zegoen, pneumotoraxekin.

Bizilagunek azaldu dutenez, bikotea duela 14 urte ezkondu zen. Gizonezkoa Arroyo de la Luzekoa da, eta emakumea Villabonan jaio zen, baina gaztetatik Caceresko udalerri honetan ematen zituen udak. Senar-emazteek bi sema-alaba dituzte, Guardia Zibilak azaldu duenez. Ustezko genero-indarkeria moduan tratatzen ari da gaia.

Emakumeak ez zuen salaketari jarri genero-indarkeriagatik.

“Aukera guztiak irekita daude”

Cristina Herrera Espainiako Gobernuak Extremaduran duen ordezkariak azaldu duenez, “aukera guztiak irekita daude”, baina “genero indarkeria kasu bat” dela berretsi du.

Herreraren esanetan, hipotesi guztiak zabalik daude: “Emakumeak gizonari eraso egin izana lehenengo, batak besteari eraso egin izana babesteko asmoz edo gizonak berak bere burua zauritu izana”.

“Auzitegi medikuek argitu beharko dute gertatutakoa”, azpimarratu du Herrerak. Ildo horretatik, “beste gizon batek emakume bat hil duela gaitzetsi” behar dela esan du.

Gipuzkoak hilketa gaitzetsi du

Gipuzkoako Aldundiak Villabonako emakumearen hilketa gaitzetsi du, eta  indarkeria matxista “egiteko asko geratzen den gaia” dela adierazi du.

Foru Aldundiak ohar batean biktimaren inguruari babesa erakutsi dio eta familiarren esku jarri da, izan dezaketen edozein beharrizanetan.

'Gizon eta emakumeen artean oraindik dauden aldeen islarik larriena da indarkeria matxista', eta 'oraindik badago zer eginik, asko gainera', adierazi du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak.

Horregatik, herritarrei deitu die 'guztion artean, konpromiso kolektibo eta pertsonala hartzeko'; halaber, eskatu du 'erreakzionatzea' indarkeria matxistako edozein zantzuren aurrean.

Arroyo de la Luzeko Udalaren osoko bilkurak bi dolu-egun dekretatu ditu.

Orain arte, 36 emakume hil dira genero-indarkeriagatik Estatuan 2017an

Villabonako emakumearen hilketarekin, 36 emakume hil ditu, orain arte, genero-indarkeriak, 2017an; gainera, beste hiru kasu ikertzen ari dira.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Albisteak Gipuzkoa Delituak Espainia bideoak Gizartea Indarkeria matxista Albisteak Gaur Villabona bideoak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa Erailketak albisteak