Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Villabonako emakumearen ustezko hiltzailea, espetxera baldintzarik gabe
Gizonezkoa hildakoaren senarra da, eta atxilotuta dago, laban zauri arinak dituela. Emaztea hil izana leporatu diote.
EITB.EUS
Cacereseko 3. Epaitegiko epaileak baldintzarik gabeko espetxeratzea ezarri dio joan den ostegunean Arroyo de la Luz udalerrian (Caceres) hildako emakumezkoaren senarrari.
Extremadurako Gobernu Ordezkaritzak Efe agentziari jakinarazi dionez, epaileak erabaki hori hartu du susmagarriari deklarazioa hartu ostean. Atzo, ordea, uko egin zion Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari.
Gizonezkoa atxilotuta eta ospitalean dago, laban zauri arinak baititu. Villabonan jaiotako emaztea hil izana leporatzen diote, eta indarkeria matxistaren auzietako protokoloa abian da.
Atzo biktimaren senideek, Cacereseko herri osoak lagunduta, azken agurra eman zioten 42 urteko emakumeari. Villabonan (Gipuzkoa) ere elkarretaratzea egin zuten ostiral arratsaldean 'Emakumeen aurkako indarkeriarik ez' lelopean, ustezko hilketa matxista hori gaitzesteko.
-------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.