Gizartea -
Azterlana
Euskal unibertsitarioek indarkeriarekiko 'gaitzespen nabaria' azaltzen dute
Hala dio Euskal Autonomia Erkidegoan 1960 eta 2010 artean izandako terrorismoaren eta giza eskubideen urratzeari buruz Deustuko Unibertsitateak egindako ikerketak.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal unibertsitarioen % 91k "gaitzespen nabaria" adierazten dute indarkeria erabiltzearen aurrean. Hala jasotzen du Unibertsitateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoan Erkidegoan 1960 eta 2010 artean izandako terrorismoaren eta giza eskubideen urratzearen inguruko ezagutza-mailari eta diskurtsoei buruz Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak egin eta gaur aurkeztu duten azterlanak.
Aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Gorka Urrutia eta institutu horretako lankide Iker Uson.
Azaldu dutenez, azterlanak lehen argazki bat uzten du agerian Unibertsitateko populazioak terrorismoaren eta giza eskubideen inguruan dituzten ezagutzaren eta diskurtsoen inguruan.
Hartara, txostenaren edukiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak bizi duen ziklo politiko eta sozial berriaren eraginez, "instituzioek bakearekiko eta bizikidetzarekiko duten konpromisoa oso nabarmen areagotu da, planen, programen eta ekintza ugariren bitartez".
Horien guztien helburua da "giza eskubideekiko zalantzarik gabeko konpromisoa finkatzea eta xede politikoak dituen edozein motatako indarkeriari zilegitasuna kentzea". Helburu hori "oso garrantzitsutzat" hartzen da gazteen kasuan. Hori dela-eta, beharrezkoa da hobeto jakitea gazteek zer pentsatzen duten; horrela, Unibertsitateko ikasle horiei zuzendutako ekintza zehatzak prestatzeko.
Usonek adierazi duenez, azterlanaren oinarri dira Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko gizarte-zientzietako eta hezkuntzako graduetako lehen ikasturtean dauden ikasleei zuzendutako 1.000 galdeketa.
Ikasleek interes pertsonal handia erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoan izandako terrorismoaren eta giza eskubideen urratzearen inguruan; izan ere, 10etik 8k uste dute gaia neurri batean interesgarria edo oso interesgarria dela gazteentzat.
Azterlanak, neurri batean, berretsi egiten du "belaunaldi-eten bat" dagoela; gazteen erdiek uste baitute gai horien gainean duten interesa euren gurasoena baino txikiagoa dela. Alabaina, gazteak ez dira geldo azaltzen.
Gertatutakoari buruzko jakintza
Gertatutakoaren ezagutzari dagokionez, 10etik ia 6k uste dute euren belaunaldiaren ezagutza ertaina edo handia dela, eta adierazi dute honako informazio-iturri hauek izan dituztela nagusiki: hedabideak, familia eta sare sozialak. Zehazki, % 60,7ko gehiengoaren iritzian, familiak eragin handia edo oso handia izan du ezagutza horretan. Dena dela, % 60 ez dago asebeteta, oro har, jasotako informazioarekin.
Usonek azaldu duenez, gertaera zehatzen inguruan galdetuta, "nagusi dira erantzun zuzenak"; baina, era berean, "ezjakintasun edo zalantza-maila nabarmena" agerian geratzen dela gaineratu du. Adibidez, badirudi erdiek ez dutela behar adina informazio Hipercorreko erasoa zer izan zen zehazteko. % 44k, ordea, jakinaren gainean daude. Lasa eta Zabalaren kasuaren aurrean, % 32k erantzun dute ez dakitela, edo ez dute erantzun.
Ikerketaren arduradunen aburuz, azterlanak agerian utzi du indarkeria erabiltzearen aurkako "gaitzespen nabaria". Hala, % 91 nahiko edo erabat ados daude edozein proiektu politiko ez dadin izan pertsonaren bizitza-eskubidea baino garrantzitsuagoa. Eta % 79 erabat edo nahiko aurka daude ETAren indarkeriari dagokionez. % 2, ordea, horren alde azaldu dira.
Biktimen arretarako eta memoriarako politikei dagokienez, 10etik 8k uste dute garrantzitsua dela biktimekiko aintzatespena eta ordaina, eta Administrazioak memoria-politikak bultzatu behar dituela. Torturari dagokionez, 10etik 7ren iritzian, poliziak oso maiz erabili du.
"Lehen hurbilketa"
Iker Usonek baieztatu duenez, azterlan hori "lehen hurbilketa bat da errealitate horrekiko", eta bere gomendioen artean dago gaia modu kualifikatuan sakonduko duten ikerketak ondoren egiten jarraitzea. Ildo horretatik, uste da "hobetzeko tarte handia" dagoela iragan hurbileko urratze larriak ezagutzearen inguruan. Horregatik, egoki jotzen da bai nahitaezko hezkuntzan, bai Unibertsitatean abian jartzen ari diren "ekimenetako batzuekin jarraitzea".
Azkenik, ikertzaileek egiaztatu dute "giza eskubideak babestu eta errespetatzeko diskurtsoa sakon" sartu dela, eta Unibertsitateko populazio gaztearen artean presentzia handia duela. Izan ere, "giza duintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako mezu argia erakutsi du".