Gizartea -
Somaliako uretan
Ontzi-jabeek isolatutako gelen alde egin dute, piratei aurre egiteko
"Kostaldea zaintzea" eta pirateriaren aurkako borroka lehorrean jarraitzea eskatu dio Carme Chaconek Somaliako behin-behineko presidenteari.
Erredakzioa
Indiako Ozeanoan arrantza egiten duten ontzien jabeak itsasontzietako gela bat isolatzeko proba pilotuak egiten ari dira piraten mehatxuari aurre egiteko.
Carme Chacon Defentsa ministroak begi onez hartu du segurtasun-neurri gehigarri hori; izan ere, itsasontzietako segurtasun pribatuko langileak eraso bati aurre egiteko gai ez badira, Espainiako Atalanta Operazioan parte hartzen duten segurtasun-indarrei abisua emateko beta ematen die gela isolatu horrek.
"Espainiako bandera duten ontzietan gela bat egokitzeko aukera elkarrekin aztertu dugu, balizko eraso pirata baten aurrean isolatu ahal izateko", azaldu du.
Horrez gain, atunontzien jabeek eta ekoizleek, ministroarekin batera, Atalanta Operazioaren lana, eta egun Somalia eta Adeneko Golkoko uretan dauden 27 itsasontzietako segurtasun pribatuaren "zeregin erabakigarria" izan dute hizpide.
"Segurtasun pribatua dagoenetik, eraso guztiei aurre egin diete", azpimarratu du Chaconek.
Somaliako behin-behineko presidentearekin bilera
Bestalde, Sheikh Sharif Ahmed Somaliako behin-behineko presidentearen bisita izan du ministroak eta "bereziki kostaldea zaintzea" eskatu dio.
Chaconek azaldu duenez, pirateriaren aurkako borroka lehorrean ere jarraitzea nahi dute. Hori horrela, Atalanta Operaziokoek piraten ontzien jatorria jakin bezain laster, Somaliako agintariek horiek "atxilotu" ditzakete, esan du.