Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotuta
24 eta 44 urte arteko gizonezkoak dira lau atxilotuak, eta emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako epaileen esku utzi dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau gizon atxilotu dituzte azken orduotan Nafarroan, genero indarkeriarekin lotuta; bi Tuteran hartu dituzte preso, bat Antsoainen, eta bestea, Martzillan.
Tuteran 25 urteko gizonezko bat atxilotu du bertako Udaltzaingoak, haren bikotekideak tratu txarrengatik salaketa jarri ondoren. Herri horretan bertan, 44 urteko beste gizon bat atxilotu dute, hori ere indarkeria matxistagatik, emakume bat jotzea egotzita.
Antsoainen, bestalde, 24 urteko gizon bat atxilotu du Iruñeko Udaltzaingoak. Zabaldutako informazioaren arabera, gizon horrek hainbat kolpe eman zizkion emakume bati aurpegian, eta, ondorioz, biktima erietxera eraman behar izan zuten. Emakumeari eta hainbat lekukori deklarazioa hartu ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu egin dute.
Laugarren atxiloketa, berriz, Martzillan izan da. Han, 38 urteko gizon bat hartu dute preso, bikotekidea iraintzeagatik eta jotzeagatik, adin txikiko alabaren aurrean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.