Gizartea -

Neguko Bidezaintza Plana

300 ibilgailu baino gehiago Euskadin, elurteei aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren jarraibide orokorrak azaldu ditu. Aurreko neguan zortzi aldiz aktibatu zen.

Elurra kentzeko makina Altuben. EiTB
300 ibilgailu aktibatuko dituzte Euskadin, elurteei aurre egiteko

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errepideetan elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta zaintzako ibilgailuak aktibatuko dituzte aurtengo neguan; guztira hirurehun baliabide mugikor baino gehiago. Sonia Diaz Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Neguko Bidezaintza Planaren jarraibide orokorrak azaldu ditu, astelehen honetan, Bilbon.

Plana aktibatzeko baldintzak (elur-maila 1.000 metrotik behera kokatzea) ematen direnean, foru-aldundiek eta autobideen ardura duten enpresek elurra kentzeko 170 makina mobilizatuko dituzte eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik zazpi garabi astun aktibatuko dituzte tona askotako ibilgailuak erretiratzeko.

Bestalde, foru-aldundiek eta autobideek laguntzeko 130 ibilgailu izango dituzte koordinazio- eta zaintza-lanetarako. Ertzaintzak, berriz, Trafiko Unitateko patruilak jarriko ditu operatiboaren zerbitzura, patruila-kopurua handitu egingo da fase operatiboan, eta ertzain-etxeetako baliabideen laguntza izango dute.

2016-2017ko neguan zortzi aldiz aktibatu zen Plana

Bileran, 2016-17ko neguko balantzea ere aurkeztu da. Trafiko Zuzendaritzak 8 aldiz aktibatu zuen Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio-fasea; 6tan, fase operatiboa (elur-maila 700 metrotik behera jaisteagatik). Ez zen aparteko zirkulazio-arazorik izan, eta garabi astunak bitan bakarrik mobilizatu zituzten prebentzio gisa (normalean, 11 aldiz erabiltzen dituzte urtero).

Lehenbiziko aldiz azaroaren 6an eta 8an egin zuen elurra, elur-maila 800 metro inguruan kokatu zen eta ez zuen aparteko zirkulazio-arazorik sortu. Azaroaren 23an eta 24an aktibatu zen lehenengo aldiz fase operatiboa, elur-maila 400-600 metroan kokatu baitzen. Prezipitazio ugari izan ziren, eta Herrera, Zaldiaran eta Gatzaga mendateak itxita egon ziren ibilgailu-mota guztientzat azaroaren 23an, goizean.

Urtarrilean ere, 13an eta 22an aktibatu zen plana. Fase operatiboa bitan aktibatu zen (13tik 15era eta 17an), baina elurrak ez zuen gorabehera esanguratsurik sortu Euskadiko errepide-sarean. Prezipitazioen ondorioz, halere, luizi ugari izan ziren, esate baterako AP-68an, Ugao-Miraballes parean, urtarrilaren 17an, goizaldean, eta AP-68 autobideko eskuineko eta erdiko erreiak itxi behar izan zituzten Bilborako bidean, hainbat ordutan. Araban, urak hartu zituen bigarren mailako hainbat errepide. Gipuzkoan, Zarautz eta Getaria artean, erori egin zen N-634 errepideko tunel bateko sabaia, eta ordezko pasabidea egokitu behar izan zuten.

Otsailaren 5etik 9ra bitartean, elur-maila 600 metro inguruan kokatu zen; fase operatiboa bitan aktibatu behar izan zen (5ean eta 7tik 8ra). Hainbat mendate itxita egon ziren, ibilgailu astunentzat bereziki.

Martxoan beste hiru aldiz egin zuen elurra: 3tik 4ra, 22tik 23ra eta 24tik 26ra, eta fase operatiboa azkeneko kasuan bakarrik aktibatu zen, elur-maila 600 metrotik jaitsi zelako. Martxoko hiru elur-aldi horietan ez zen azpimarratzeko moduko gorabeherarik izan Euskadiko errepideetan, denborale laburrak izan baitziren guztiak ere.

Azken elurtea apirilaren 26tik 27ra egin zuen, elur-maila 700-1.000 metro inguruan kokatu zen, baina prezipitazio ahulak izan ziren, eta zirkulazioan ez zuten aparteko arazorik eragin.

Negualdirako aholkuak

Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar dela eta, abiadura moteldu, bat-batean ez balaztatu eta aurrean doazen ibilgailuekin tarte handiagoa uzteko gomendioa eman dute aurten ere.

Halaber, pneumatikoak aldian behin ordezkatu behar dira, eta beira-garbigailuen gomak baldintza egokienetan izan behar dira beti.

Elurrarekin abiatzean, pixkana azeleratu behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu behar dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Elurra bideoak A8 autobidea gaur AP-68 autobideko istripuak gaur