Gizartea -
Santiago Katedrala
Indarkeriaren horma eraitsi eta bakea eraikitzeko deia egin du Icetak
Bilboko gotzain berriak kargua hartu du gaur. "Denen zerbitzari" izateko asmoa agertu du eta "elkarrekin bizitzeko gai" izatea eskatu die fededunei.
Erredakzioa
Mario Iceta Bilboko gotzain berriak Bizkaiko hiriburuko eliz-barrutiaren buruzagitza kargua hartu du gaur. "Banaketaren murrua, gorrotoarena eta indarkeriarena, eraitsi" eta "bakearen eraikitzaile" izateko deia egin die fededunei.
Iceta Bilboko seigarren gotzaina da eta Ricardo Blazquezen tokia hartu du. Fededunez gainezka zegoen Santiago katedralean izan da kargu-hartze ekitaldia. Estatuko 30 inguru apezpiku eta artzapezpiku ere bertaratu dira Enzo Fratini Vatikanok Espainian duen nuntzioak zuzendutako ekitaldian.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan dira, besteak beste, elizan bertaratu diren ordezkari instituzionalak
Bilboko gotzain kargua ematen dion makulua jaso ostean, Icetak sermoia bota du eta "denen zerbitzari" izateko asmoa agertu du.
Icetaren izendapenak polemika piztu zuen Bilboko diozesian. Blazquezek kargua utzi eta gero, 600 fededunek eta apaizek gutun bat igorri zioten nuntzioari, hurrengo gotzaina hautatzeko haien iritzia kontuan har dezaten eskatzeko.
Erantzuna ez zen "oso adeitsua" izan, betiere gutuna sinatu zuten erlijiosoen hitzetan, eta duela 11 egun beste bat bidali zuten, kasu honetan Icetari berari, laguntza nahi bazuen haien "parte-hartzea" bermatu behar zuela adierazteko.
"Elizaren batasuna indar dezala eska diezaiogun Jaikoari, elkarrekin bizitzeko gai izan gaitezela, Izpirituaren dohaina da eta", azpimarratu du Icetak.
Bilboko gotzain berriak egungo ekonomia krisia ere izan du hizpide, "gazteekin, immigranteekin eta baztertuta daudenekin" eta "bakartasunaren drama" bizi dutenekin oroitu da. "Zenbat pertsona edadetu, eta ez hain edadetu, bizi diren bakarrik. Bakartasunak pertsona suntsitzen du", adierazi du goitzainak.
Ricardo Blazquez aurreko gotzainari eskerrak emateko ere aprobetxatu du hitzaldia, Bilboko eliz-barrutiaren buru izan zen 15 urteetan izan zuen "arduragatik". "Eskerrik asko zure fideltasunaren eta maitasunaren lekukotzagatik. Bizkaira itzultzen zarenean badakizu etxean egongo zarela", azpimarratu du Icetak.
Iceta Bilboko seigarren gotzaina da. 2008ko otsailaren 5ean diozesiaren gotzain laguntzaile izendatu zuten; 2010eko apirilaren 19an administratzaile apostoliko, eta aurtengo abuztuaren 24an gotzain.
Bilboko gotzain berria 1965eko martxoaren 21ean jaio zen, Gernikan, eta doktore da Medikuntzan eta Kirurgian. Bizitza erlijioso gehiena Kordobako diozesian eman du, eta 2007an hango bikario izendatu zuten.