Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohiari erasotzea egotzita
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, gizonaren eta emakumearen hiru seme-alaben aurrean gertatu zen erasoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
40 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, bikotekide ohiari erasotzea egotzita.
Arabako hiriburuko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, gizonaren eta emakumearen hiru seme-alaben aurrean izan zen erasoa, Salburua auzoko etxebizitza batean.
Udaltzaingoak telefono-dei baten bidez izan zuen eraso horren berri, eta agenteak berri-emaileak esandako etxebizitzara heldu zirenerako, ustezko erasotzailea alde eginda zegoen. Emakumeak udaltzainei esan zienez, seme-alabak ikus zitzan ireki zion etxeko atea bikotekide ohiari. Barrura sartu zenean, baina, eztabaidan hasi ziren, eta eraso egin zion.
Poliziak berehala aurkitu zuen gizona Gasteizko beste auzo batean, eta atxilotu egin zuten.
Emakumea, berriz, Udaltzaingoaren bulegoetara eraman zuten, eta genero indarkeriaren biktimen arretarako protokoaren berri eman zioten bertan.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.