Itxi

Gizartea

Iruñea

Sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketak bidearen erdia egin du

agentziak

Gaur, lau foruzainek, Iruñeko Udaltzaingoko buruak eta arreta zerbitzuko langileek deklaratu dute.

  • Epaiketa egiten ari diren aretoa. Argazkia: EFE

2016ko sanferminetan 18 urteko neska batek bost gizonezkoren aurka salatutako taldekako bortxaketaren gaineko epaiketak bidearen erdia egin du ostiral honetan, prozesuan parte hartu duten lau foruzainen, Iruñeko Udaltzaingoaren buruaren eta arreta zerbitzuko langileen testigantzak jasota.

Bost akusatuak 09:15 inguruan heldu dira Iruñeko Justizia Jauregira, ahozko saio berri batean parte hartzeko. Bosgarren eguna izan da gaurkoa, eta Jose Francisco Cobo magistratuak zuzentzen duen epaimahaiaren aurrean deklaratu dute Foruzaingoaren lau agentek, Iruñeko Udaltzaingoaren buruak eta arreta zerbitzuko langile batzuek. 10:00ak aldera hasi da saioa.

Biktima artatu zuten Iruñeko Udaleko teknikarien deklarazioaren arabera, "atsekabetuta" eta "nahigabetuta" ikusi zuten neska, eta hark esandako "erabat" sinistu zuten, Carlos Bacaicoa neskaren abokatuak saioa bukatuta adierazi duenez. Bacaicoaren arabera, udal teknikarien hitzek bere bezeroaren testigantza berretsi dute: bost gazteek bortxatu zutela eta ez zuela kontra egin shock egoeran zegoelako.

Agustín Martínez Becerra bost akusatutako hiruren abokatuak kazetariei esan die gaurkoa "berrikuntzarik gabeko deklarazioen berrezpen bat" izan dela, eta ez du baloratu teknikarien testigantzek bere bezeroen alde edo kontra egin duten.

Ostiral honetako saioan Nafarroako Foruzaingoko lau agentek ere deklaratu dute, tartean bost akusatuek egindako bideoaren infografia egin zutenak.

Akusatuen defentsako iturriek azaldu dutenez, agente horiek erantzun egin dute hiriko erdigunetik neskak autoa zuen lekura iristeko neskaren ikuspuntutik begiratuta ibilbiderik logikoena litzatekeenaz.

Beste agente batzuek, berriz, etxeko atarian grabatutako bideoetako irudiak izan dituzte oinarri neskak salatutako bortxaketaren inguruko azalpenak emateko. Ildo horretan, Foruzaingoko informatika arloko agente batek ere parte hartu du saion, bideoen kalitatearen inguruan.

Iruñeko Udaltzaingoko agente batek ere hitza hartu du, neskari lapurtutako sakelako telefonoaren inguruan testigantza emateko (akusatuetako batek aitortu egin zuen lapurtu izana).

Azkenik, Nafarroako Gobernuko Osasun arloko langile batek ere parte hartu du ostiral honetako saioan, emakumeari emandako arretaren inguruan testigantza eskaintzeko.

Detektibe baten ikerketak baten ondorioz epaiketan onartua izan den argazkiaren harira, Agustín Martínez Becerra hiru akusaturen abokatuak esan du irudia "adierazgarria eta logikoa" dela, eta horrekin "defentsaren eskubidea gauzatu" nahi dutela, "salatzailearen inolako eskubiderik urratu gabe".

Detektibeek euren zeregina defendatu dute

Detektibe Pribatuen Agentzien Elkarte Nazionalak detektibe batek gazteari egindako txostena "legearen mugen barruan" egin zuela defendatu dute.

"Detektibeok ez dugu aurreiritzirik adierazten, legearen arabera lortutako egiazko informazioa ematen dugu", esan du Elkarteak. Horrela, ikerketak eragindako kritikei erantzun nahi izan diete detektibeek, nahiz eta txosten horren edukia ez den zabaldu, sekretupean baitago.

Era berean, "gehiegikeria edo sexu abusua izan daitekeen edozein ekintzaren" aurkako salaketa adierazi dute. "Prozesu batean, epaile batek soilik onartuko luke txosten bat legearen barruan eginiko ikerketa zorrotza balitz"., gaineratu dute.

Iruñeko Udala

Iruñeko Udalak, bestalde, berretsi egin du epaiketaren inguruan bere balizko balorazio batek emakumea "berriz biktimizatuko lukeela" eta, auzi honen harira, azpimarratu du "sanferminen haietako mugarria" izan zen herritarrek emandako erantzuna.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena