Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

10 urteko zigorra gizon bati, bikotekidearen alabari abusuak egiteagatik, Gipuzkoan

Kartzela-zigorraz gain, 15.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. Abusuak gertatu zirenean, 2015ean, neskak 14 urte zituen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Auzitegiak 10 urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio gizonezko bati, bikotekidearen alabari sexu-abusu jarraituak egiteagatik. Auziko iturriek EFE albiste-agentziari adierazi diotenez, abusuak gertatu zirenean, 2015ean, neskak 14 urte zituen.

Iturri horien arabera, biktima adingabea izatea aplikatu dio epaimahaiak auzipetuari larrigarri bezala. Horrenbestez, kartzela-zigorra betetzeaz gain, gizonak 15.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimari.

Urriaren 9ko ahozko epaiketan, akusatuak bere abokatuaren galderei soilik erantzun zien. Biktimak eta bere amak ateak itxita deklaratu zuten, bien intimitatea babesteko.

Fiskaltzak epaiketan adierazi zuenez, abusuak 2015. urtean zehar gertatu ziren. Gizonak bere bikotekidearen etxean lo egiten zuen batzuetan, eta egun horiek baliatzen zituen adingabeari, besteak beste, ukituak egiteko. Biktimaren lekukotzari erreferentzia eginez Ministerio Publikoak bere txostenean azaldu zuenez, sexu-abusu larrienak gertatu ziren egunean, biktimak lo itxurak egin zituen nola erantzun ez zekielako, eta gizonak ez zuen indarkeria erabili. Fiskaltzaren esanetan, biktimak jarrera pasiboa izateak ez du esan nahi abusuak onartu zituenik.

Epaiketan, akusatuak bere abokatuaren galderei soilik erantzun zien. Haren esanetan, noizean behin oinetan masajeak ematen zizkion adingabeari. Dena den, ukatu egin zuen neskatoari organo genitalak ukitzea, eta egun hartan edanda zegoela azpimarratu zuen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gaurko albisteak Gipuzkoa Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak