Gizartea -
ERREPIDEAK
Errepide sare nagusia zabalik, baina 6 mendate itxita daude elurragatik
Itxita daude ibilgailu guztientzat Otsaurte, Lizarrusti, Elosua, Bernedo, Opakua eta Langraiz Oka. Eta kateak behar dituzte ibilgailu guztiek Pagatzan, Kurtzetan eta Urizaharran.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Larunbat honetan elurra egiten ari da han-hemenka goizean goizetik Euskal Herrian, baina errepide sare nagusia irekita dago. Hori bai, bigarren mailako hainbat mendate itxita daude, eta beste hainbatetan kateak behar dira.
Elurra kentzeko makinak topera ari dira lanean eta gutxinaka-gutxinaka arintzen doaz arazoak. Hala, hau da egoera 19:10ean:
Erabat itxita dauden mendate eta errepideak EAEn
Otsaurte, Lizarrusti, Elosua, Bernedo, Opakua eta A-2622 tartea Langraiz Oka parean.
Kateak behar dituzte autoek eta itxita daude kamioientzat EAEn
Herreran
Kateak behar dituzte ibilgailu guztiek EAEn
Kurtzeta, Pagatza (Elgeta) eta Urizaharra.
Erabat itxita dauden errepideak Nafarroan
Izaba eta Zuriza arteko errepidea (Na-2000), Otsagabia eta Irati artekoa (Na-2012), Aralarko San Migelerako errepidea (Na-7510), Zaraitzukoa muga aldera (Na-2011) eta Gorritikoa (Na-4011).
Kateak behar diren mendate eta errepideak Nafarroan
Burgi-Izaba errepidea, mugarantz (Na-137).
Ertzaintzak, bestalde, zuhurtziaz gidatzeko eskatu du errepide guztietan, baita nagusietan ere, elurra hasten duelako tarteka A-1ean Gasteiz eta Nafarroa artean, N-1ean Etzegaraten, eta A-15ean.
Momentuz ez da istripu larririk izan.
Luizia eta zuloa Gipuzkoan
Gogoan izan behar da, gainera, atzoko prezipitazioek luizi bat eragin zutela AP-8 autobidean, Deban (Gipuzkoa) eta arrazoi berarengatik zulo handi bat zabaldu zela Zumaian, GI-3811 errepidean.
Ondorioz, errepidea itxita egon zen eta une honetan trafikoa desbideratzen ari dira. Badirudi konponketa egun batzuk luzatuko dela.
Izotz arriskua
Alerta laranjan egon gara arratsaldeko 15:00ak arte, eta gero abisu horira igaro da egoera. Aurreikuspenen arabera, elur-kota 300-400 metrora igoko da eta prezipitazioak gutxitzen joango dira.
Hori bai, elurteak atzean utzi ondoren, hotz handia egingo du datozen egunetan eta izotz galantak botako ditu. Izotz gardena ere izan dezakegu.
Kontsulta ezazu informazio gehiago eitb.eus-eko Eguraldia eta Trafikoko orrietan eta trafikoko webkameren orrian.