Gizartea -

Alerta laranja

Lehen elur denboraleak arazoak sortu ditu Euskal Herriko errepideetan

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek eskolako kirol jarduerak bertan behera utzi dituzte. Bestalde, 446 ikaslek eta 74 irakaslek ez dute eskolarik izan Nafarroan.

Argazkia: Inocencio Goikuria
Argazkia: Inocencio Goikuria
Auto-ilara luzeak Irurtzunen, A-15ean, tarteka itxi behar izan dutelako

1:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negua hasteko 20 egun faltan, Euskal Herria gaur astindu duen elur eta euri denboraleak errepideetan arazoak sortu ditu, zirkulazioan zailtasunak eragin ditu eta auto-ilarak eta istripuak izan dira.

Arratsaldean egoerak zertxobait hobera egin du, baina elur alerta larunbat honetako 15:00ak arte indarrean egongo da. Horregatik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek eskolako kirol jarduerak bertan behera utzi dituzte. Bestalde, Araban eta Bizkaian ehiza debekaturik egongo da asteburuan.

Eguna elur-ekaitzekin hasi da, eta Gipuzkoako errepide sare nagusian arazoak sortu ditu elurteak; izan ere, N-1 errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute Etzegarate mendatean eta A-15 Andoainen, 11:00ak arte.

Ondorengo orduetan errepide sare nagusia zabalik egon den arren, auto-ilarak izan dira toki askotan izotz zein elurragatik. Istripuak gertatu dira gidatzeko baldintzak zailak zirelako.

Luizia eta zuloa Gipuzkoan

Prezipitazioek luizi bat eragin dute AP-8 autobidean, Deban (Gipuzkoa). Arazoak zortzi kilometroko auto-ilarak sortu ditu Bilboko noranzkoan.

GI-3811 errepidean, zulo handi bat zabaldu da Zumaian. Ondorioz, errepidea itxi behar izan dute autobideko ordainlekutik hurbil.

Arazoak bigarren mailako errepide sarean

Hala eta guztiz ere, zirkulazioan arazo handienak bigarren mailako errepide sarean izan dituzte. Egunean zehar itxita zeuden mendateen kopurua aldatu da, baina ez da bostetik sekula jaitsi.

Herrera eta Opakua Araban; Trabakua, Arlaban eta Elgeta Gipuzkoan; eta Kanpanzar eta Urkiola Bizkaian, ezinezkoa izan da zirkulazioa uneren batean, errepidean pilatutako elurragatik.

Gainera, beste dozena bat mendatetan kateak beharrezkoak izan dira eta beste batzuetan autoak bakarrik zuten igarotzeko baimena; kamioiek, ostera, debekatuta zuten.

Txingorra Bizkaiko kostaldean

Arabako eta Gipuzkoako elurteak Bizkaira heldu dira ordu batzuk geroago. Txingor ekaitzak sarri izan dira Bizkaiko kostaldean, Portugaleten eta Getxon esaterako.

Egoerak Mondragon Unibertsitatea Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko zentroetan eskolak bertan behera uztera behartu du. Irun, Donostia eta Bilboko egoitzetan, aldiz, ez dute aparteko arazorik izan.

Gasteizen, elurteei aurre egiteko egitasmoa martxan jarri zuen Udalak atzo gauerdian. Hala ere, Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, elurrak ez du hiriaren egunerokotasuna aldatu.

Hala ere, erne egoteko eskatu du alkateak, datozen orduetan ?elurrak jarraituko duelako?.

josetxo apeztegia sunbilla elurra eguraldia

Sunbilla. Argazkia: Josetxo Apezteguia

Arazoak eguneko lehen orduetan, Nafarroan

Gainera, Nafarroako iparraldean eta erdialdean elurra bota du, eta arazoak sortu ditu errepideetan, ikastetxeetako sarreretan eta Iruñerriako garraioetan, baina egunean zehar normaltasuna berreskuratu dute.

Nafarroako Gobernuaren Kontserbazio Zerbitzuak elurra kentzeko 109 makina prest zituen eta Iruñeko Udalak 200 pertsona baino gehiago eta 9 ibilgailuko dispositiboa martxan jarri zuen ostegunean.

Elurteek arazo larrienak eguneko lehen orduan sortu dituzte. 20-25 zentimetroko elur-geruzak pilatu dira. Elurrak trafikoa eten du eta kateak beharrezkoak izan dira bi errepide nagusitan: Leitzaraneko autobian (A-15) eta N-135 errepidean (Iruñetik Ipar Euskal Herrira, Luzaidetik).

Hala ere, elurra kentzeko makinen lanari esker, Leitzaraneko autobia berriro zabaltzea posible izan da, baina bigarren mailako errepide sarean arazoak dira, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Horrela, NA-7510 (Aralarko San Migel errepidea) itxita dago elurragatik 3. kilometrotik aurrera (Baraibar), eta NA-2012 (Otxagabia-Irati) 8. kilometrotik aurrera, baita NA-137 (Burgi-Izaba-Ipar Euskal Herria) errepidea Belagua mendatean, 47. kilometrotik, eta NA-2000 (Izaba-Zuriza) ere.

446 ikasle, eskolarik gabe

Bestalde, denboraleak hezkuntzari eragin dio Nafarroan; izan ere, 446 ikaslek eta 74 irakaslek ez dute eskolarik izan eta hainbat berandu heldu dira garraio zerbitzuan izandako atzerapenengatik, Nafarroako Gobernuak onartu duenez.

Konkretuki, Luzaideko eskolak bere ateak itxi behar izan ditu.

Garraioari dagokionez, Iruñerriako garraio zerbitzua lanean normaltasunarekin hasi da 06:30 aldera, baina elurrak atzerapenak sortu ditu ia linea guztietan, 08:30etik aurrera.

Geroxeago, linea guztiak normaltasunera itzuli eta garaiz heldu dira ordutegiak betetzera, Iruñerriako Mankomunitateak azaldu duenez.

Osasuna eta Nastic ostiral gauean, 21:00etan, jokatzekoa ziren futbol partida bertan behera geratu da norgehiagoka aurretik bota duen elurrarengatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba EAE albisteak Denboraleak Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Elurra Albisteak