Gizartea -

Gasteiz

Gabonetako ipuina Twitterren

Ibai Usandizaga gasteiztarra bila eta bila ari da sare sozialen bidez, Gabon gauean Araba Jeneralaren kalean diruz betetako gutun azal bat galdu zutenak aurkitu nahian.

Diruz beteriko gutun-azala aurkitu zuen Gasteizen eta jabearen bila dabil

1:22

Natxo Velez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zurea ez den zerbait aurkitu eta horren jabea bilatzea ez da Gabonetako miraria, ez da ekintza heroikoa, baina -hara noraino iritsi garen- deigarria da gaur egun. Bada, horretantxe dihardu Ibai Usandizaga gasteiztarrak, abenduaren 24an, Gabon gaueko afariaren ostean, hasi zen Eguberri kanta honetako protagonistak.

Gehienok mahaiaren bueltan, familiartean, afariaz gozatzen ari ginela, Olentzero jo eta ke ari zen lanean, biharamunean ezein umeri ez zekion oparirik falta, eta, itxuraz, barruan dirua (“ez oso zenbateko handia, baina kontuan hartzekoa, adingabe batentzat“) zuen gutun azal bat galdu zitzaion joan-etorri horretan, Araba Jeneralaren kaletik zihoala.

Ibai Usandizaga kalera irten zen gau hartan, goizaldeko ordu bata aldera, afaldu eta gero, eta gutun azala aurkitu zuen lurrean, izen bat idatzita zuela. Olentzerok umeren batentzat prestatutako oparia izan zitekeen ustean, hartu eta diruaren jatorrizko jabea sare sozialn bidez bilatzeari ekin zion, Twitter eta Facebooken mezuak idatziz.

— Ibai Usandizaga (@ibaius) 25 de diciembre de 2017

Txioa 4.100 aldiz bertxiotu da eta Facebookeko mezua 200 bat lagunek partekatu dute dagoeneko, baina oraindik ez dute diruaren jabea aurkitu. Hiru pertsona jarri dira Usandizagarekin harremanetan gutun azala eskatzeko, baina -ipuin orotan agertzen dira gaizkileak- ez ziren benetako jabeak, ez baitute izen egokia esan.

Oraingoz, Eguberri kanta honetara, Dickensenean ez bezala, ez da amaiera zoriontsurik iritsi, baina Usandizagak Gabonak bukatu arte itxarongo du benetako jabea agertuko den esperantzan.

Literatura fantastikoaz haraindi, Kode Zibilak ezartzen du jabea agertuz gero gaia aurkitu zuenak horren balioaren %10 jasotzeko eskubidea duela eta, bi urteko epean agertu ezean, aurkitu zuen hori berea izango dela legez.

Nolanahi den, zertarako jo legelarien testuetara ipuinez gozatu ahal denean…

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Sare sozialak berriak Gasteiz