Gizartea -
SAGARDOTEGI DENBORALDIA
Alberto Iñurrategiren eskutik abiatu da sagardo denboraldi 'historikoa'
Ekoizleen esanetan, aurtengo sagardoa orekatua, aromatikoa, arina eta kolore gutxiagokoa da.
Agentziak | Erredakzioa
Alberto Iñurrategi alpinistak egin du 2018ko lehen txotxa. Sagardo denboraldi berria abiarazteko ekitaldia Gurutzeta sagardotegian egin dute, Astigarragan.
Ohiturari jarraituz, soka dantzan joan dira kupelaz kupela eta "gure sagardo berria" esan ostean, lehen sagardoa dastatzeko ohorea izan du.
Ekitaldi honen 25. urteurrena zela eta, aurreko edizioetako parte-hartzaileak ere izan dira Iñurrategirekin batera, hala nola, Andoni Egaña bertsolaria, Abraham Olano txirrindulari ohia, Andoni Luis Aduriz sukaldaria, Javier Clemente futbol entrenatzailea, Periko Alonso futbolari ohia eta haren seme futbolaria Mikel eta Jose Luis Korta arraunlaria.
Sagardogileek agerraldia egin dute aurtengo uztari buruzko xehetasunak emateko eta haiekin batera Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak eta Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea izan dira.
Iñurrategik esan du beretzat "ohorea" dela sagardo denboraldiaren inaugurazioan parte hartzea, "etxekoa eta kalitatezkoa" den lehen sektoreko produktu natural honi keinu honekin babesa adierazita.
Ekoizleen esanetan, iazkoarekin alderatuta, aurtengo sagardoa orekatua, aromatikoa, arina eta kolore gutxiagokoa da.
Aurten 12 milioi litro ekoitzi dituzte, iaz baino 500.000 litro gutxiago, baina sagarraren uzta "historikotzat" jo dute, kalitate handikoa izan delako. Gipuzkoako 6 milioi kilo sagar erabili dituzte Euskal Sagardoa Izendapena duen sagardoa egiteko.
(Argazkia: EFE)