Gizartea -
Olatuak
Denboraleagatik itxita dauden tokietan sartzeagatik lehen isunak jarri ditu Donostiak
Udaltzaingoak lehen hamar isunak jarri ditu, konkretuki Haizearen Orrazira hurbildu diren pertsonei.
Agentziak | Erredakzioa
Denborale alerta dela-eta itxita dauden lekuetan ez sartzeko segurtasun hesiak gainditzeagatik lehen hamar isunak jarri ditu gaur Donostiako Udalak, konkretuki Haizearen Orrazira hurbildu diren pertsonei.
Bizilagun batek zenbait pertsona ikusi ditu zonan, eta Udalari abisua eman dio. Ondoren Udaltzaingoa bertaratu da, eta debekua errespetatu ez duten lagunak zigortu ditu, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Debekua urratu duen pertsona bakoitzak 200 euroko isuna ordaindu beharko du, baina beste isun batzuekin gertatzen den bezala beherapen bat izango dute epe baten barruan pagatzen dutenek.
Jaramonik ez
Isunak jartzeko erabakia hilabete honetan hartu zuten agintariek, olatu handiak ikusteko kostaldera gerturatzen diren herritarrek debekuei jaramonik egiten ez zietela egiaztatu ondoren.
Bestalde, arduragabekeriagatik arriskuan jarri diren pertsonen erreskateak kobratuko ditu Udalak.
Urtarrilaren 3an Gasteizko bi bizilagun hil ziren, olatu batek Mutrikuko hondartzaren kai-muturretik eraman ondoren.