Gizartea -
Abisu horia elurragatik
N-634 errepidea itxi dute Zumaia eta Getaria artean, lurjausiagatik
Gainontzekoan, irekita dago errepide sare nagusia une honetan. Nafarroan, itxita daude bigarren mailako bi errepide pirineoetan, eta Aralarko San Migelerako igoera.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko errepide sare nagusia irekita dagoen arren, arreta handiz gidatu beharra dago eguraldia dela eta. Izan ere, elurra eta elurbustia egiten ari da tarteka, eta horrek arazoak sortzen ditu, noizean behin, mendate zein bestelako errepideetan.
Egoerak bere horretan jarraituko du astelehenera arte, elurragatik abisu horian izango baikara ordura arte, eta errepidera irten aurretik trafikoko informazioa kontsultatzeko eskatu dute agintariek.
Egoera EAEn 17:50etan
Lurjausia izan da 12:30 aldera Zumaia eta Getaria artean eta Ertzaintzak errepidea itxi behar izan du bi noranzkoetan, erori den lur eta harri kopurua dela eta. Hondakin horiek guztiak ahalik eta azkarren erretiratzen saiatzen ari dira.
Trafiko zuzendaritzak jakitera eman duenez, errepide sare nagusia irekita dagoen arren, adi ibili beharra dago horietako hainbatetan, edozein momentutan elurra hasten baitu. Hauetan, adibidez: AP-68 Altube parean, Etzegaraten, A-15 Gipuzkoa eta Nafarroa artean (mara-mara egin du Pagozelai inguruan, adibidez, goizean), AP1 Gasteiz eta Burgos artean, eta Arrasate eta Eibar artean.
Nafarroako egoera 17:50etan
Nafarroako Gobernuak ere errepide sare nagusia irekita dagoela jakinarazi du, baina itxita daude Na-2012 Otxagabia-Irati 8. kilometrotik,Na-2011 Zaraitzu-Frantzia 7. kmtik, eta Aralarko San Migelera doan errepidea.
Gainera, kateak behar dira Na-137 Burgui-Izaba-Frantzia eta Na-2011 Zaraitzu-Frantzia errepideetan.
Gauzak horrela, Nafarroako erdialdean eta iparraldean arreta handiz gidatzeko eskatu dute agintariek
Abisu horia elurragatik astelehenean
Larunbat eta igande honetarako abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak; izan ere, elur-kota 400 metrotan kokatuko da, eta beherago datorren astelehenean, 200 metrotan.
Horrela, alerta laranja abisu hori bihurtuko da larunbat honetan. Elur-kota 400-600 metrotan kokatuko da goizaldean, 800-1.000 metrora gora egingo du eguerdian, eta gauean berriro behera egingo du (600-800).
Prezipitazio gutxi egingo du goizean, baina goizaldean gehiago botako du isurialde atlantikoan. Arratsaldean gehiago botako du oro har. Gauean kostaldean ekaitzak jo dezake, eta txingorra bota.
2-6 zentimetroko elur-geruza pilatuko da 600 metrotan, larunbatean.