Gizartea -
N-634
Zumaia eta Getaria lotzen dituen errepidea itxita egongo da martxoaren 9ra arte
“Luizi berriak gertatzeko arrisku handia dago” eta “zonaldea egonkortzea” beharrezkoa da, adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak.
Agentziak | Erredakzioa
Zumaia eta Getaria lotzen dituen N-634 kostaldeko errepidea martxoaren 9ra arte itxita egongo da; izan ere, “luizi berriak gertatzeko arrisku handia dago” eta “zonaldea egonkortzea” beharrezkoa da.
Iragan asteburuan errepidea ixtera behartu zuen luizia gertatu zen tokian izan da gaur Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatua. Ondoren neurriaren berri eman du agiri batean.
Oiarbidek azaldu duenez, Aldundiko teknikariek tokia aztertu eta “errepidea berriro estali dezaketen luizi berriak berehala gertatzeko arrisku handia” dagoela egiaztatu dute.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidea itxita mantentzea erabaki du, “erabiltzaileen segurtasuna” bermatzeko. Errepideko errei bat ireki ahal izateko egonkortze-lanak egin behar direla erantsi du Oiarbidek.
Zanga, hormigoizko habe eta harri-lubeta bat
Berehala aurrera eraman nahi dituzten lanak hauexek dira: mendi-hegalean ura ez sartzeko zanga bat, hormigoizko habe bat finkatu ezpondako tontorrean eta harri-lubeta bat eraikitzea, luizi gehiago gertatzea eragozteko.
Egonkortze-lanak martxoaren 9rako amaiturik egotea espero dute arduradunek. Orduan errei bat zabalduko omen dute.
“Errepidea berriz zabaltzeko data gutxi gorabeherakoa da; izan ere, datorren hilean egin beharreko eguraldiak baldintzatuko du”, zehaztu du Oiarbidek. Bestalde, Askizu (Getaria) eta Artadi (Zumaia) auzoetara ailegatzea posible dela erantsi du diputatuak.
Mendi-hegalaren azpialdean dagoen ezpondan egin beharreko lanak bigarren fase batean aurrera eramango dituztela azaldu du Oiarbidek. Proiektua premiazko tramitazioa izango du. Ezpondan sare bat ainguraketa-buloiekin iltzatuko dute. Bigarren fase horrek bi hilabeteko iraupena izango du.