Gizartea -
Trafikoa
Ertzaintzak arreta eskatu du elurragatik Etzegaraten, A-15ean eta AP-1 autobidean
Abisu horia ezarri dute gaur EAE barnealdean 15:00ak arte, elurra espero baita 400 metrotik gora Gipuzkoan eta Bizkaian, eta 600 metrotik gora Araban.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur, elurra dela eta, N-1 errepidean, Etzegaraten, A-15 autobidean, Andoain (Gipuzkoa) parean, eta AP-1 autobidean, Eskoriatza eta Foronda artean, arretaz gidatzea gomendatu du Ertzaintzak. Dena den, mendate guztiak zabalik daude, eta ez da katerik behar.
Abisu horia ezarri dute gaur EAE barnealdean 15:00ak arte, 4 zentimetroko elur geruza pilatzea espero baita 400 metrotik gora Gipuzkoan eta Bizkaian, eta 600 metrotik gora Araban. Iragarpena ikusita, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bideragarritasun Plana abiatu du berriro.
Halaber, bigarren mailako mendate batzuetan arretaz gidatzea gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak. Hauetan, hain zuzen: Altube, Bernedo, Escrita, Opakua, Herrera, Aiurdin, Urduña eta Kruzeta (Araba); Arrangizgana, Barazar, Urkaregi, Urkiola eta Aretxabalagana (Bizkaia); eta Bidania (Gipuzkoa).