Gizartea -
Indarkeria matxista Gipuzkoan
Zazpi urteko espetxealdia, 17 urteko adopzio-alabari sexu gehiegikeriak egiteagatik
Gertakariak 2004an jazo ziren, Gipuzkoan. Ama etxean ez zegoenean egiten zizkion sexu-abusuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Auzitegiak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizonezko bati 17 urteko adopzio-alabari sexu-gehiegikeriak egiteagatik.
Horrez gain, 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari eta galarazita izango du datozen hamar urteotan berarekin harremanetan jartzea edo berarengana hurbiltzea.
Gehiegikeriak 2004an gertatu ziren, familiak Oarsoaldeko herri batean zuen etxebizitzan. Erasotzailea, ama eta alaba elkarrekin bizi ziren.
Fiskalaren arabera, arropak kentzera behartu eta genitaletan ukituak egin zizkion, neska aurre egiten saiatu bazen ere. Biharamunean, berriz, masturbatzera behartu zuen.
Otsailaren 24an egin zen epaiketan, biktimak azaldu zuen aitak ama etxean ez zegoela baliatzen zuela gehiegikeriak egiteko, eta hilabeteetan jasan zuela haren jazarpena. "Sexuari beldurra kentzeko" zela esaten zion aitak, bizilagun baten bortxaketa-saiakera bat pairatu ostean izututa zegoelako.
Beldurragatik ez zuela gertatutakoa salatu eta gurasoak banandu zirenean amari dena kontatu ziola adierazi zuen epailearen aurrean.
Epaiketan, akusatuak ukatu egin zuen adopziozko alabari sexu-gehiegikeriak egin izana.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.