Gizartea -

MARTXOAK 8

Hazi egin da lana lortzeko garaian bereizketa sentitzen duten emakume gazteen kopurua

Gazteen Euskal Behatokiak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunez egindako ikerketen datuak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

EiTBko artxiboa.
EiTBko artxiboa.
Emakume gazteek soldata baxuagoak dituzte eta lan baldintza okerragoak

1:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanpostu bat lortzeko garaian bereizketa dagoela sentitzen duten emakume gazteen kopurua bost puntu hazi da zortzi urtean. 2008an % 23k uste zuten lanpostua lortzeko bereizketa zegoela; 2016an, % 28k. Are gehiago, gizonek lanpostu bat lortzeko aukera gehiago dituztenaren ideia zabalduago dago emakumeen artean.

Gazteen Euskal Behatokiak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunez egindako ikerketen datuak argitaratu ditu gaur, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian.

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak ohar bidez azaldu duenez, "emakume gazteek adin bereko gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa bizi dute; aldi baterako kontratu gehiago dituzte, lanaldi partzialean egiten dute lan gehiago, soldata baxuagoak kobratzen dituzte eta enplegua galtzeko edo beren lan-baldintzek txarrera egiteko arrisku gehiago antzematen dute".

Azterlaneko datuen arabera, 16 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 51k aldi baterako kontratua dute. Gizonen artean, ostera, % 38,2k. Lanean ari diren emakume gazteen % 48,9k lanaldi partzialean lan egiten du (gehienetan beren borondatearen kontra; adibidez, lanaldi osoko lanik aurkitu ez dutelako). Gizonen artean, ostera, % 22,1 dira. Lana galtzeko arriskuari dagokionez, 16 eta 29 urte bitarteko emakume langileen artean % 25,8k eta gizonen artean % 21,5ek uste dute lana galtzeko arriskua dutela.

Etxeko lan banaketari lotuta eta bikotean bizi direnen artean, emakume gehiagok uste dute etxeko lan horiek beraiek hartzen dituztela batez ere beren gain (emakume gazteen % 22k hala uste du). Hala ere, 2008arekin alderatuta, behera egin du etxeko lan guztiak edo gehienak beren gain hartzeko erabakia hartzen duten emakumeen kopuruak (bikotean bizi diren gazteen % 48 lehen eta % 22 orain).

Gazteen Euskal Behatokiak eginiko inkestan aintzat hartu diren tratu txarren sei moduetatik, bikotekidea sexu-harremanak izatera behartzea da larrientzat hartzen dutena; gazteen % 97k diote oso larria dela. Halaber, oso larritzat jotzen dute etxetik irtetea debekatzeari (% 91) eta mehatxu egiteari (% 91). Gehiengoa dira, halaber, bikoteari eginiko mespretxuak ere oso larritzat jotzen dituztenak (% 74), gauzak esaten ez uztea (% 69) edo iraintzea (% 60).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Tratu txarren biktimentzako gida Mundu matxista Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna